NAIZ
BILBO

Bilbon zubiak bete ditu Ni Zu Bi ekimenak, gaixorik diren presoak kalera ditzaten

Ni Zu Bi ekimenak mobilizazio ikusgarria burutu du gaur goizean Bilbon. Bertako zubi esanguratsuetara gaixorik diren presoak etxeratzeko aldarria eraman dute, bide batez hori lortzeko zubi lana eginez.

Mobilizazioa, Buenos Aires kalean gora. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Mobilizazioa, Buenos Aires kalean gora. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ni Zu Bi izena zuen gaur eguerdian Bilbon burutu den mobilizazio bitxiak. Gaixorik diren presoak ahalik eta azkarren askatu behar dituztela aldarrikatzeko, Bizkaiko hiriburuko zubi ezagunetan elkarretaratzeak egin dituzte.

Zubiaren irudia eta esannahia baliatu nahi izan du ekimenak. «Eskubideen esparruak ezkerrekoak zein eskuinekoak batzeko balio du, herrialde batekoak zein beste batekoak, gazte zein zahar», nabarmendu dute ekimeneko kideek, erakundeen erantzukizuna gogoratu dutenek. «Tristea eta gezurra ematen badu ere, gaur egun badira 21 euskal preso gaixotasun oso larriekin daudenak, eta gezurra badirudi ere, erakunde publikoak dira horien ardura dutenak».

Aitor Jugo herri ekimeneko kideak gaixorik dauden presoen askatasuna lortzeko herritarren parte hartzea beharrezkoa dela nabarmendu du. «Ezin dugu itxaron, aurrea hartu behar dugu», adierazi du.

Bestetik, Sare zubiak eraiki behar direla azpimarratu zuen ohar batean. «Zubi asko behar ditugu hemen, ezberdinen arteko zubiak, pentsamendu ezberdinak izanda ere funtsezko balore batzuk konpartitzen ditugunon artekoak... Larriki gaixo dauden presoen afera konpontzeko ezberdinen arteko zubiak eraiki behar ditugu».

Gogora ekarri dutenez, bost preso bizkaitar dago askatu beharrekoen zerrendan: Kepa Arronategi, Txus Martin, Joseba Borde, Ibon Iparragirre eta Gorka Fraile, «minbizia, gaixotasun sikiatrikoak, Hiesa eta bihotzeko gaitzek jota. Espetxearekin bateraezinak diren gaitzekin, alegia». Horietatik bi baino ez dira Euskal Herrian, gainera: Martin eta Iparragirre.

Orotara, 21 dira kalean egon beharko luketen presoak, espainiar eta frantziar legediak bete ezkero, baina «arazo euskal presoei era sistematikoan ezartzen zaizkien salbuespen neurrietan dago. Bere burua Estatu demokratiko eta Zuzenbidezko Estatu gisa duenaren kontraesan handienetakoa da hau. Krudelkeria hutsa da», adierazi du Sarek.

Mobilizazioa «oso pozgarri»tzat jo du sareak. Zubi ezberdinetan bildu ondoren, Areatzan elkartu dira ekimenean parte hartu duten ehunka lagunak. Azken hilabeteetan hil diren Oier Gomez eta Juan Mari Maiezkurrena preso ohiak izan dituzte gogoan, bai eta bihotzeko bat diagnostikatu ez ziotelako Badajozen hil zen Kepa del Hoyo galdakoztarra ere.