Naiz
Bilbo

Ardogintzako 60tik gora euskal enpresa izango dira ProWein azokaren 25. edizioan

Arabako Errioxako 38 upategi, Getariako txakolinaren zazpi, Bizkaiko txakolinaren bi, Arabako txakolinaren bat eta sagardotegi bat izango dira egun hauetan Alemaniako azoka ezagunean. 49 enpresa hauek Euskadi Basque Country markaren barruan bilduta daude, nahiz eta beste batzuk euren kabuz joan diren.

Lezaun upategiko mahastiak. (Iñigo URIZ | FOKU)
Lezaun upategiko mahastiak. (Iñigo URIZ | FOKU)

ProWein Ardo eta Alkoholdun Edarien Nazioarteko Azoka haisko da gaur Alemaniako Düsseldorf hirian eta ardogintzaren sektoreko EAEko 60 enpresa baino gehiago izango dira bertan, Arabako Errioxako ardoak, txakolinak edo Euskal Herriko sagardo naturala nazioartera zabaltzeko.

Mahastizaintza eta ardogintzaren sektorerako mundu mailan egiten den ekitaldirik garrantzitsuena da ProWein azoka, eta urtetik urtera gero eta euskal upategi gehiagok eskatzen dute bertara joatea.

Izan ere, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak, nekazaritzako elikagaien industria nazioartekotzeko eta sustatzeko duen Euskadi Basque Country estrategiaren barruan, enpresa parte hartzaileetako 49ren bertaratzea antolatu du, Euskadi Basque Country markaren barruan talde moduan parte hartuz; horretarako, Hazi Fundazioaren laguntza izan du. Iaz baino bost gehiago dira horrela parte hartuko dutenak.

Zehazki, Arabako Errioxako 38 upategik, Getariako txakolinaren zazpik, Bizkaiko txakolinaren bik, Arabako txakolinaren batek eta sagardotegi batek parte hartko dute azokan Euskadi Basque Country standaren barruan, eta ikusgai jarriko dituzte beren produktuak. Erakusgunea 290 metro koadrokoa da eta azokaren 10 zenbakiko pabiloian egongo da. Horietaz aparte, enpresa batzuk euren kabuz joan dira.

Azokaren antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 2021erako erakusketa gunea handituko dute, bi pabilioi gehiagorekin. Horrek esan nahi du euskal enpresek leku gehiago edukiko dutela eta, beraz, azokan parte hartzeko gero eta eskari handiagoari erantzun ahal izango zaiola.

EAEko Elikagaien Industria Sustatzeko 2019rako Planaren lerro estrategikoen barruan kokatzen da Lakuak enpresa parte hartzaileei ematen dien babesa. Izan ere, planaren asmoa da azken urteetan sustapen ekintzak egin diren merkatuetan euskal elikagaiak bultzatzea eta enpresak nazioarteko enpresa berrietara zabaltzea.

Euskal enpresekin batera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Elikagaien Kalitate eta Politikako zuzendari Peli Manterola egongo dira Alemaniako azokan, euskal upategien presentziari babesa emateko.

Erakusleiho garrantzitsuena

2018an, Alemaniak 15.317.559 euroko salmentak erregistratu zituen Babestutako Jatorri Izendapena duten EAEko ardoetan, eta horrek esan nahi du 2.722.559 litro esportatu zirela. Halere, Alemania euskal ardoetarako merkatu garrantzitsua izateaz gain, ProWein azoka sektorearentzako erakusleihorik garrantzitsuena eta esanguratsuena da bere nazioarteko izaera dela eta, Alemaniako merkatuaren mugak gainditzen baititu, ekitaldian mundu osoko erosleak elkartuz.

Beste edizio batzuetan parte hartu duten enpresek azpimarratu dute azokak nazioarteko izaera nabarmena duela eta bisitan doazen profesionalak kalitatezkoak direla. Horrela, aurreko urteko datuekin alderatuta, 2018an, ProWein azokak %2,6ko hazkundea erregistratu zuen erakusketari kopuruan eta %3,5ekoa bisitari kopuruan. Azokan 6.700 enpresa inguruk hartu zuten parte, 64 herrialdetakoak. Bisitari profesionalak, berriz, 60.500dik gora izan ziren, eta horietatik erdia nazioartekoak, 133 herrialdetakoak.

Azoka profesionalei zuzenduta dago esklusiboki, eta bertara doazen bisitariak banaketa kanal guztietako erosle adituak dira (handizkariak, ostalaritzako industria, catering, txikizkari espezializatuak, inportatzaileak, banaketa kate handiak eta abar). Ardogintzaren sektoreko nobedaderik nagusienak egongo dira Düsseldorfen: erakusketa berezi, mintegi eta klase magistralen bitartez, bisitariek sektorean dauden azken joera nagusiak ezagutu ahal izango dituzte edo ardogileei zuzenean jakinarazi beraiek bilatzen dutena.