GARA
Arrasate

Arteak Ireki plataformak aktibazio kulturaleko eguna antolatu du Lakuaren dekretoaren kontra

Martxoaren 23an EAEko herrietan kultur ekintza desberdinak antolatzeko deia luzatu dute, horiek mugatu nahi dituen Lakuaren dekretuari aurre egiteko modu bezala.

Plataformako kide batzuk Arrasaten egindako agerraldian. (GARA)
Plataformako kide batzuk Arrasaten egindako agerraldian. (GARA)

Lakuak apirilean EAEn lokal eta tabernetako kontzertu eta kultur ekintzak mugatuko dituen dekretua martxan jarri nahi du, eta horri erantzuteko asmoz sortu zen Arteak Ireki plataforma. Gaur Arrasaten agerraldia egin dute martxoaren 23an aktibazio kulturaleko eguna deitzeko, "Hartu zure kultura espazioa" lelopean.

«Nork bere herrian, espazio hauen garrantzia azaleratzeko edozein ekintza antolatu dezala. Kultura behe-behetik defendatzera irteteko deia egiten diogu gizarte guztiari», esan dute.

Dekretuari dagokionez, esan dute «Bilbo edo Arrasate, Agurain eta Durango, ostalaritzaren zati haundi batek eta agente kultural guztiek lur honek sekula ezagutu ez duen murrizketa» jasango dutela hori martxan jartzen bada. «Ez zegoen lekuan arazoa sortu du Eusko Jaurlaritzak eta horren erakusle dira araudi berri honen aurka agertu diren milaka norbanako, sortzaile, auzokide, kulturzale eta bultzatzaileak», aipatu dute.

Kaltetuak komertzio txikiko ekonomia, turismoa, auzoen bizitza, gure herrietako jaiak eta batez ere, kultura izango direla argi dutenez, instituzioei ulertarazi nahi diote «espazio hauek gure egunerokoaren parte garrantzitsua direla, programatzaileek historikoki kulturari egin dioten aportazioa kalkulaezina da eta, horrez gain hasiberrien eskola dira, herritarren elkargune eta kulturzaleen topaleku eta erakusleku».

Ez dute ordutegiak eta zaratak erregulatzea kritikatzen, ezta auzotarrekin kontziliazioa, beraiek ere auzotarrak direlako, baina ez dute ulertzen zein zerikusi duen horrek emanaldi kopuruarekin eta zein onura ekarriko lituzken dekretuak. Kontraz, uste dute formatu txikiko zuzeneko arteen aldeko marko normatibo berri bat lortzea beharrezkoa dela.

Gasteizen aldaketak

Atzo Gasteizko Udalak ezagutzera eman zuen ez duela kultur ekintzak mugatzeko intentziorik, eta pauso hori positiboki ikusten du Arteak Irekik. Hala ere, nahikoa ez dela uste dute, batez ere udalerri bakar bat besterik ez delako. «Gasteizko Udalak aipatu du 106.1 artikulua ekintzen komunikazioarekin lotutakoa dagoena, baina ez du ezer esaten kultura ekintzak mugatzean datzan 105 artikuluaz», esan dute.

Hori dela eta, berresten dute arazoa konpontzeko irtenbide onena dela dekretua bera atzera botatzea edo behintzat kultura ekintzak mugatzen dituen alderdia, halako ekintzak antolatzen dituen lokalari kalterik ez eragiteko.

«Arteak Ireki plataformaren apustua da gure gizartean kultura bultzatzen duten ostalaritza lokalentzat, lizentziatik at, babesa eta segurtasun juridikoa emango dien kategoria bat sortzea. Inguruko bizilagunekin bizikidetza errespetatu eta kulturaren sorkuntza, bultzada eta kontsumoa sustatuko duena», azpimarratu dute.