NAIZ
TOLOSA

Helburua aise lortuta, marka ezarri du Arria V.ak

4.49:35 behar izan ditu Xabier Orbegozo Arria V.ak Azpeitian 20 kana-erdiko ebaki, Herniora igo, Tolosako zezen plazara jaitsi eta han beste hainbeste enbor ebakitzeko. Areriorik ezean, bere buruaren aurka aritu da errezildarra.

Arria V.a. Tolosako zezen plazan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Arria V.a. Tolosako zezen plazan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Apustuak egiteko areriorik ezean, bere burua du aurkari Xabier Orbegozo Arria V.ak. Bakarka aritu da igande goiz honetan, bere buruari jarritako erronka gainditu nahian. Eta bai lortu ere.

Azpeitiko zezen plazan abiatu du desafioa. 20 kana-erdi ebakitzeko lana zuen bertan, eta uste baino azkarrago amaitu ditu bertako lanak. Bazen zalantzarik zaleen artean egin beharreko lehenengo lan honen inguruan, baina serio ekin dio errezildarrak hasieratik, bere buruari ezarritako bost ordu eta hamar minutuko langa horretatik jaisteko lanak amaierara arte utzi gabe.

Herniora abiatu da bertatik, handik buelta Tolosako zezen plazara jaisteko. 2.50ean egin du Hernioko joan-etorria, eguraldia lagun izan ez badu ere. Esana zuen errezildarrak euria eginez gero arriskuan litzatekeela marka, Herniotik jaisteko zailtasunak ikusten baitzituen. Hala, hiru ordu eta 45 minuturen ostean ekin dio azken lanari, Tolosako zezen plazan.

Ordurako, bere buruari ezarritako helburua ontze bidean zen Arria V.a. Eta bai egin ere. Ordubete eta lau minutu behar izan ditu falta zituen beste 20 kana-erdikoak mozteko, Azpeitian baino denbora gehiago hartuz, baina helburua aise lortuz. Izan ere, 4.49:35 behar izan du orotara errezildarrak lanak osatzeko.

Arria V.ak berak NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan, denbora luzeko apustuetara animatuko diren aurkarien faltan bere buruari desafio berriak ezarri baino aukerarik ez zaio geratzen.

Urrezko txapelketan, Gisasola eta Naredo onenak

Ubidea herrian jokatu zen atzo Urrezko Banakako Aizkolarien bigarren jardunaldia. Hamabi aizkolari aritu ziren lehen fasean eta finalerdietan sei neurtu ziren lan hau zutelarik: enbor bat 45 ontzakoa eta bestea 54 ontzakoa. A taldean, Eneko Saralegik 3:31ko denbora behar izan zuen.  Ioritz Gisasolak, 3:29, eta Beñat Lekuek, 4:59. B taldean, Daniel Lopezek 7:49ko denboran bete zuen lana, Luis Polankok, 4:59an, eta David Naredok, 4:51n.

Hauen arteko neurketa egin ondoren, txapelketan aurrera egin dutenak Ioritz Gisasola Zelai IV.a (Mallabia) eta David Narredo (Sariego-Asturias) dira.