Jon Ormazabal

II Master Cup: jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa ikusgarritasunerantz

Azkoitiko eta Etxebarriko jardunaldien ondoren, Beasaingo Master Cup txapelketaren apirilaren 7ko finalak ETB-k zuzenean emango ditu.

Parte hartzaileetako batzuk, aurkezpenean. (NAIZ.EUS)
Parte hartzaileetako batzuk, aurkezpenean. (NAIZ.EUS)

Iazko esperientzia bikainak utzitako aho gustu gozoaren ostean, Euskal Pilota Egokitutako II Mater Cup txapelketak beste urrats handi bat emango du aurtengoan adimen urritasun eta urritasun fisikoa duten pertsonek egiten duten lan ikaragarria ikustarazteko.

Txapelketa parte hartze zenbakian, parte hartzaileen mailan, egoitzetan –aurten Etxebarrin Bizkaiko lehen topaketa ospatuko da martxoak 31an– eta, batez ere, zabalkundean haztea espero da. Horretarako, garrantzi berezia hartzen du ETB-1ek lehen aldiz eskainiko dituela zuzenean apirilaren 7an Beasainen jokatuko diren finalak. «Ospetzeko moduko lorpen bat da» aitortu zuen Blanca Aranguren, Gipuzkoako egokitutako kirolaren federazioko lehendakari ordeak. Bide batez pilotazaleei kantxetara gerturatzeko gonbidapena luzatu zien, «ikuskizunak benetan merezi« omen du eta.

Iurgi Olasagasti, Mater Cuparen zuzendari teknikoak onartu zuen pilotarien maila  izaten ari den garapenak asko zaildu dizkiola bikote orekatuak osatzeko lanak. Datu teknikoei dagokionean, 13 izango dira adimen urritasuna duten parte hartzaileak eta larunbatean Azkoitian jokatuko den kanporaketari begira bi multzo osatu dira. Parte hartzaileen artean lau emakume egotea ere oso positiboki baloratu du.

Gurpildun aulkien mailan 17 dira izena eman dutenak, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Ipar Euskal Herria eta Frantziatik etorritakoak. Hemen ez da emakumezkorik baina deigarria da beste kirol batzuetan aritzen diren kirolariak egotea, Juanjo Mancebo Bidaideak saskibaloiko taldeko kidea edo Juanjo Rodriguez errioxar tenislaria esaterako. Tartean ere bada inolako ezgaitasun fisikorik ez duen parte hartzailerik, eta horrek benetako izaera integratzailea ematen dio lehiaketari. Kasu honetan lehiaketa larunbat arratsaldez jokatuko da eta igande arratsaldean jokatuko da Azkoitian.