@Maite_Ubiria

Biarritz, Baiona eta Angeluk haurrak euskaraz matrikulatzeko gonbidapena egingo diete gurasoei

Baiona, Angelu eta Biarritzeko (BAB) herriko etxeek euskara ikasteko aukera ematen duten hezkuntza ereduak hautatzearen onurak nabarmenduko dituzte matrikulazio kanpaina kari elkarrekin garatuko duten sentsibilizazio kanpainaren baitan. Ipar Euskal Herri mailan populazio gehien hartzen duen eremuan egun bost ikasleetatik bakarrak ikasten du euskaraz.

Seaskak antolaturiko Glisseguna, Angelun. @Isabelle MIQUELESTORENA
Seaskak antolaturiko Glisseguna, Angelun. @Isabelle MIQUELESTORENA

Biarritz-Baiona-Angelu (BAB) hiri eremuko udalek euskarazko hezkuntzaren aldeko kanpaina garatuko dute datorren ikasturteari begira. Hartara, euskara sustatzen duten eskaintzen artean -sare elebidun edo murgiltze eredua izan- hautatzeko gomendioa luzatuko diete gurasoei. Ipar Euskal Herri mailan populazio gehien hartzen duen eremuan gaur egun bost ikasleetatik bakarrak du aukera eskolan euskara ikasteko.

BABko eskoletan 8.750 ikasle daude aurten, horietatik 1.625 ikastoletan edo elebidun sarean. Beraz, ikasleen %18,57k era batean edo bestean hizkuntzarekin harremana badu.

Ereduen artean bezala, eskaintza zein baliabideen ikuspuntutik ñabardurak badira hiru hirien artean. Biarritzen haurren %25ak murgiltze ereduan (Seaskako ikastoletan) edo sare elebidunean (delako frantses eskola publikoan delako ikastetxe pribatuetan) jarduten du. Angelun, ordea, ikasleen %21ak harreman du euskararekin eskolan eta Baionan %15ak.

Egoera hori hobetzeko xede Angelu, Biarritz eta Baionako herriko etxeek haurrak euskaraz matrikulatzearen aldeko kanpaina elkarrekin garatuko dute.

Kultura eta lurraldearekiko atxikimendua

Udal arduradunek beraien gutunean idatzi dutenez tipitatik euskara ikasteak onurak baizik ez ditu ekartzen, bai hezkuntzaren jabetzaren ikuspuntutik baita «kultura eta lurraldearen aldeko» atxikimendua sendotzeari begira.

Gaur egun euskaraz ikasten duten haurren guraso gehienek euskara ez badakite ere, horrek «eskolatzearen jarraipenean neholako arazorik» ez duela sortzen azaldu diete gurasoei. Hala ere, elebitasuna garatze aldera «eskolaldi ondoko aktibitateetan eta etxean hizkuntzarekin harremanetan izateko aukera eskaintzea haurrari premiatsua dela» gogorarazi diete.

Euskal Elkargoaren sorrerak eman dituen aukera berriak baliatuz, hiru hirietako arduradunek 2013. urteaz geroztik eskola matrikulazio garaian burutzen duten sentsibilizazio ekimenari jarraipena emango diote beste urte batez.