Jon Ormazabal

Rezusta: «Ezin dugu Jokin saihestearekin erotu»

Arazorik ez igandean Altuna-Martija eta Elezkano-Rezusta bikoteen artean jokatuko den partida erabakigarrirako material aukeraketan.

Igandeko lau protagonistak gustura agertu dira aurkitutako pilotekin (Andoni CANELLADA/FOKU)
Igandeko lau protagonistak gustura agertu dira aurkitutako pilotekin (Andoni CANELLADA/FOKU)

Dena prest da igandean Donostian jokatuko den Binakako txapelketako partida erabakigarrirako eta, printzipioz behintzat, materialarekin ez da aitzakiarik izango, bai Altuna-Martija bai Elezkano-Rezusta gustura irten baitira Atano III.etik saskian aurkitutakoarekin. Hori bai, Jokin Altunak nahiago izan du igandera arte itxaron benetako balorazio bat egiteko, izan ere «ez dakit beroagatik den, frontoia beteta egoteagatik edo zergatik, baina pilotak asko aldatzen dira aukeraketatik partidara, aurrekoan esaterako Labriten pilota bat gehiegizkoa zen».

Printzipioz, egungo azpi-txapeldunek pilota arinagoak hartu dituzte, baina Beñat Rezustaren iritziz «ez dut uste alde handirik dagoenik batzuen eta besteen artean». Izan ere, berez, eman dezake Jokin Altuna jokoan sartzea ekiditea behar lukeela euren asmoa, baina «ezin dugu partida guztia Jokin saihestera jokatu, ezin dugu horrekin erotu. Hau erasorako pilotalekua da, Danelek pilotaren bila joan beharko du, ezin dugu beraiek erasotu arte itxaron».

Moralez gainezka

Altuna eta Martija, euren aldetik, beraientzat Binakako lehen finala izan daitekeenaren atarian daude eta txapelketan une latzak pasa eta gero, moralez gainezka iristen dira. Azkenaldian izan duten gorakadak eta partidak irabazi izanak sekulako konfiantza eman die euren jokoan. «Partida gogorra izango da, bai eurak eta bai gu, lan asko egiten dugun bikoteak gara. Gakoetako bat tanto gutxi oparitzea izango da, halako partidetan oso zaila izaten baita tanto asko amaitzea, galtzeko beldurra eta arriskua izaten da eta hil hala biziko partidetan ondo hastea ere oso garrantzitsua izaten da», aitortu du bere atzelariarengan «konfiantza osoa» duen Jokin Altunak.

Sarrera salmenta ere oso martxa onean doa eta bete Donostiako pilotalekua bete egingo dela dirudi, Irribarria eta Zabaletaren finaleko arerioak nortzuk diren bertatik bertara ezagutzeko.