NAIZ

Asteartean irekiko dute Beasain-Bergara tarteko Deskargako autobiaren zatia

Beasain eta Bergara arteko tartea bikoitza izango da erabat heldu den asteartetik aurrera, Deskargako zatia irekiko baitute bi urtetik gorako lanen ostean. Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du azken tarte honen irekierarekin Gipuzkoako udalerri guztiek izango dutela autobide edo autobia bat euren herritik 15 km baino gutxiagora. 

Deskargako tunela. Hau pasa eta Bergara arteko tartea da orain irekiko dutena. (Gorka RUBIO / FOKU)
Deskargako tunela. Hau pasa eta Bergara arteko tartea da orain irekiko dutena. (Gorka RUBIO / FOKU)

5 km-ko tartea falta zitzaion Beasain-Bergara autobia tarte horri eta asteartean irekiko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez. Egunero 9.000 ibilgailu igarotzea bertatik espero dute eta Aldundiaren arabera Debabarrena eta Goiena, Urola Garai eta Goierri lotzeko balioko du.

Azpiegitura honek sortuko dituen loturak eta hauen arintzea nabarmendu ditu Foru Aldundiak ohar bidez. Gipuzkoa gainerako herrialdeekin modu arinagoan lotuko duela azaldu dute, Debagoiena Nafarroarekin lotuko duelako Deskargatik Etzegarateko bidean eta Goierri eta Urola Garaia Bizkaiarekin lotuko dituela AP-1 eta AP-8en bidez eta Arabarekin AP-1aren bidez. 

Lanen konplexutasuna ere nabarmendu dute, lur mugimendu handiak egin behar izan baitituzte. Hurrengo hilabeteetako lan nagusia paisaiaren berreskurapena izango dela aurreratu dute. Belarraz gain, espezie ugaritako 15.000 ale landatuko dituztela aurreratu dute.