Maider Iantzi
Iruñea

Julio Soto txapeldun; Eneko Lazkoz txapeldunorde

Final ederra atera da gaur Anaitasunan. Nafarroako bertsolaritza bizi-bizi agertu da. Julio Soto, txapelduna, sendo, sakon eta argi; txapeldunordea ere, Eneko Lazkoz, hagitz fin eta indartsu. Buruz buruko bizia osatu dute bien artean. Lehenak 1.172 puntu batu ditu. Bigarrenak, 1.114,5.

Joxema Leitzak jarri dio txapela Julio Sotori. (Jagoba MANTEROLA/NAIZ)
Joxema Leitzak jarri dio txapela Julio Sotori. (Jagoba MANTEROLA/NAIZ)

Julio Soto da 2019ko Nafarroako bertsolari txapelduna. Bosgarrenez jantzi du gorritiarrak txapela, eta zoriontsu agurtu da. Honela: «Ez da uste bezain zaila zoriona aurkitzea/ besteei bakea eman zein norberak sentitzea/ baldintza derrigorra da orainean gelditzea/ burua atzoan edo geroan ez ipintzea/ nahiz gertatu gozatzea/ bezelaxe sufritzea/ ondoan norbait sortzea/ ondoan norbait hiltzea/ bere poz eta bere min ederra da bizitzea».

Xabier Terreros lesakarrak lortu du hirugarren postua, sendo kantatuz berak ere. 635 puntu pilatu ditu. Laugarren, txikitako ametsa betez eta bertsolari sentituz, Joanes Illarregi leitzarra, 631 punturekin. Bosgarren, irribarre zabal batekin, gustura egoteko moduko saioa osatuz, Julen Zelaieta beratarra, 626,5 punturekin. Ondotik, Eneko Fernandez (620), Xabat Illarregi (608) eta Xabier Maia (597).