naiz
Etxarri-Aranatz

Sarek bere lan-ildoak «ugaldu» eta «indar gehiagorekin» lanean segitzeko konpromisoa berretsi du

Sarek laugarren batzar orokorra egin du gaur Etxarri-Aranatzen. Bertan, urteko balorazioa egiteaz gain, etorkizunera begira jarri dira, orain artean iritsi ez diren horiengana «heltzeko eta hauen konpromisoa eta aktibazioa bilatzeko».

Sarekidek laugarren batzar orokorra Etxarri-Aranatzen egin dute. (SARE)
Sarekidek laugarren batzar orokorra Etxarri-Aranatzen egin dute. (SARE)

Sare Herritarrak bere IV. batzar orokorra burutu du gaur, Etxarri-Aranatzen, arduradun nagusiekin eta Sareko taldeak dauden hainbat herrietako ordezkariekin. Laugarren batzar honetan, aurrera begirako lan-ildo eta dinamikak defnitu eta ugaltzeko eztabaidak izan dituzte.

Sareko kideek, egun oraindik, euskal presoek bizi duten problematikaren eta bereziki, gizarte gisa aurrera egin ahal izateko «askatu beharreko korapilo diren eta sufrimendua sortzen jarraitzen duten oztopo eta salbuespen neurrien inguruan» aritu dira. Hala nola, zigorren batuketa, larriki gaixo diren presoen urgentziazko egoera, motxiladun haurren dinamika, presoek espetxe sisteman aurrera egin ahal izateko gradu aldaketen inguruko lanketa egitearen beharra, urruntze politika, emakume presoen urruntze eta bakartze egoera eta preso eta senide adinduen arazoa, besteak beste.

Era berean, urteko balorazioa egin eta kurtso berriko lan ildoak zehaztu. Hala ere, aurtengo batzarrak «kutsu berezia» duela aitortu dute, ETAren ostean zabaldutako garai berrian kokatu dute-eta. Zentzu honetan, duela hilabete batzuetatik hona, «elkarbizitzaren eta bakearen eraikuntzaren bidean urratsak ematen» hasiak direla nabarmendu dute eta bide horretan, «bai maila instituzionalean, politikoan, sindikalean zein sozialean lortutako adostasun, babes eta konpromiso berriak» nabarmendu dituzte. Helburua, hemendik aurrera, orain artean iritsi ez diren horiengana «heltzeko eta hauen konpromisoa eta aktibazioa bilatzeko» lan egiten jarraitzea dela zehaztu dute.