NAIZ

Ikuskizun politarekin hasi da Master Cup egokitua Azkoitian

Gurea pilotalekuan ekin diote lehiaketaren bigarren edizioari eta bertan erabaki dira Beasaingo finalean parte hartuko duten lehen pilotarien izenak.

Gurpildun aulkiko pilotariak, nor baino nor (MASTER CUP)
Gurpildun aulkiko pilotariak, nor baino nor (MASTER CUP)

Giro ederrean hasi da gaur, Azkoitiako Gurea pilotalekuan, Master Cup pilota egokituko bigarren edizioa. Adimen urritasuna duten kirolariekin hasita, Iraitz Huegun izan da iaz finala jokatu zuten pilotarien artean errepikatuko duen bakarra. Sheila Cueto lagun duela, iaz lortutako txapela berriz ere eskuratzen saiatuko da Beasainen apirilaren 7an. Aurkariak Leire Esnal eta Eneko Sagarmendi izango dituzte, aurtengo ekitaldirako egindako bideoaren protagonistak.

Arratsaldez ezgaitasun fiskoa duten kirolarien txanda izan da eta nabarmentzekoa da parte hartzaileen artean Juanjo Rodriguez, Espainiako aulkiko tenis txapelduna aritu dela. Gorka Alvarezek, Gipuzkoako kirol egokitutako Bidaideak eskolako irakasleak ere parte hartu du, kutsu inklusiboa emanez, inolako lesiorik izan gabe jokatu duelako.

Emaitzei dagokienez, Javier Etxezarreta eta Beñat Lizasok erakutsi dute astero pilotalekuan egiten dituzten entrenamenduak ez direla alferrikakoak eta, iaz bezala, finalean arituko dira, nahiz eta aurten elkarren aurka jokatu beharko duten. Asier Navarias izango da Javier Etxezarretaren bikotea eta Joseba Lasa izango du aldamenean Beñat Lizasok, iaz Edorta-Satxak jantzi zituzten txapelen bila.

Txapelketako hurrengo hitzordua Etxebarrin izango da. Bertan Bizkaiko pilotariak arituko dira eta bertatik irtengo dira Beasaingo beste finalistak.