@aimar_etxe

De Gendtek poltsikoratu du Kataluniako Voltako lehen etapa

Thomas de Gendt txirrindulari belgikarrak poltsikoratu du Kataluniako Voltako lehenengo etapa lasterketa abiatzearekin batera sortu den ihesaldiari amaiera bikain bat emanda.

De Gendt, Calellako helmugan. (NAIZ.EUS)
De Gendt, Calellako helmugan. (NAIZ.EUS)

Astelehen honetan hasi eta igandera bitarte, Kataluniari so izango da nazioarteko txirrindularitza, bertan elkartu baitira itzuli handietako txirrindulari onenak Kataluniako Volta lehiatzeko.

Aurreko urteetan esprinterrentzat pentsatua zen ohiko Calella-Calella (162,9 km) etaparekin abiatu da lasterketa, eta izan da sorpresarik. Hasteko, etaparen profilarekin berarekin. Izan ere, lehen mailako hiru mendate sartuta asko zaildu du antolakuntzak esprinterren taldeen lana. Bestetik, errepideak erakutsi duena; edo hobeto esanda, Thomas de Gendt txirrindulari belgikarraren erakustaldia.

Etapa abiatzearekin batera ihes egin, 60 bat kilometroren faltan ihesaldiko kideak atzean utzi eta bakarrik egin du helmugara arteko bidea De Gendtek. Lagun izan du esprinter handien falta eta sailkapen nagusia lehiatuko duten txirrindularien taldeen utzikeria, izan ere, Arkea eta Murias izan dira belgikarra harrapatzeko lan gehien egin duten bi taldeak.

Maximilian Schachmann BORAko txirrindularia izan da helmugan bigarrena, eguneko irabazlearengandik 2.38ra. Grega Bole eslovakiarrak eman dio denbora pelotoiari: 2.42.