NAIZ

'Hartu-eman', Euskal Herriaren burujabetza eta garapena bultzatzen duten esperientzien bankua abiatu du Udalbiltzak

Herriz herri, udalek edo herri ekimenak sustatuta garatzen ari diren proiektu aitzindariak guztien eskura jartzeko helburuz 'Hartu-eman' esperientzien bankua jarri du martxan Udalbiltzak. Euskal Herriaren burujabetza eta garapena bultzatzen duten adibideak dira, hogeita hamar lehen kolpean.

HARTU-EMAN proiektuaren webgunearen irudia.
HARTU-EMAN proiektuaren webgunearen irudia.

Udalbiltzak 'Hartu-eman' esperientzien bankua jarri du martxan. Euskal Herriaren burujabetza eta garapena bultzatzen dituzten proiektuak ikustarazteko tresna da, tokian toki sortu eta garatu diren ekimen aitzindariak denen eskura jartzeko.

Zazpi lan eremuko erreferentziak jasotzen ditu: Energia burujabetza, Elikadura burujabetzea, Etxebizitza eta hirigintza, Lurra lantzeko erraztasuna, Ekonomia sozial eraldatzailea, Euskara, Politika feministak eta herritarren parte hartzea.

Sarean ari dira osatzen, hartueman.eus, eta hogeita hamar adibide zehatz jaso dituzte hasteko. Gasteizko Errekaleor auzoa, Usurbilgo gazteak eta adinekoak elkarzten dituen Txirikorda proiektua, Legution euskararen erabilera sustatzeko garatutako proiektua, Koop 57 ekonomia sozial eta eraldatzaile proiektua, Errigora, Euskoaren esperientzia eta Garesen energia autohornikuntza lortzeko abiatu duten proiektua ageri dira, besteak beste, lehen multzo horretan.

Jaso dituzten adibideek, eta aurrerantzean batu asmo dituztenek, bost irizpiderekin egin behar dute bat, Udalbiltzatik adierazi dutenez: eraldatzaileak behar dute izan, mugigarriak edo beste lekuetan ere egiteko modukoak izan behar dute, gizarte onura eragin behar dute, Euskal Herrian kokatuak egon behar dute eta balekoak izan behar dute, helburuak betetzea lortu behar dute.