Amagoia Mujika Telleria

Arabako bertsogintzaren katea gozagai, Printzipal Antzokian

Arabako Bertsolari Txapelketaren hamalaugarren edizioa iritsi da helmugara. Larunbatean, hilak 30, finala jokatuko da Printzipal Antzokian, arratsaldeko 17:30etatik hasita. Gaur goizean Gasteizen aurkeztu dute finala eta bertan izan dira sei protagonista nagusiak: Xabi Igoa, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea eta Aroa Arrizubieta.

Gaur goizean Gasteizen aurkeztu dute finala eta bertan izan dira sei protagonista nagusiak. (Endika Portillo / FOKU)
Gaur goizean Gasteizen aurkeztu dute finala eta bertan izan dira sei protagonista nagusiak. (Endika Portillo / FOKU)

Arabako finalak badu berezitasunik. Batetik, bi finalista berri izango dira; Peru Abarrategi 21 urteko aramaioarra eta Aroa Arrizubieta, 17 urteko gasteiztarra. Batentzat zein bestearentzat berria izango da Printzipal eta urduritasunari eusten asmatzea espero dute. Hortik aurrera, Printzipalek besarkatuak izan nahi dute eta horretan ahaleginduko dira, bertsotan ondo egiten, irabazteko asko eta galtzeko gutxi duenaren zapatetatik.

Beste berezitasuna, sei finalistetatik hiru aramaioarrak direla da; Xabi Igoa, Manex Agirre eta Peru Abarrategi. Gustura egoteko moduan daude Aramaion. Manex Agirrek nabarmendu duenez, ez da kasualitatea, «ondo egindako lanaren emaitza» baizik.

Finaleko zaharrena eta gazteena emakumeak dira; Oihane Perea –egungo txapelduna– eta Aroa Arrizubieta. Bi emakume, beraz, Arabako finalean. Ez da hori gertatzen den lehen aldia, baina egia da azken finaletan Oihane Perea izan dela emakume bakarra. Aurten, beraz, nabarmentzekoa da bi emakumeren ahotsa izango dela Printzipalen.

Printzipaleko oholtzak berriz ere garbi utziko du Arabako bertsogintza kate bat dela, belaunaldi desberdinak lotzen dituen bide bat. Izan ere, finalisten artean irakasle-ikasle loturak askotarikoak dira. Denak dira edo izan dira denen bertso irakasle edo ikasle. Bide horretan, esanguratsua da txapela Lierni Altunak jantziko diola txapeldunari. Arabako bertsolaritzan bide luzea eta askotarikoa egin du Altunak, bertsoaren ekosistema horretan egiteko desberdinetan aritu baita, baina beti katean.