Idoia Eraso

EHZ Irisarriko erdigunean ospatuko da, ekainaren 28tik 30era

Euskal Herria Zuzenean Irisarriko erdigunean ospatuko da, herriko plazaren inguruan. Jaialdi formatua hartuko du berriz, iaz ‘Nomada’ izan eta gero. Udazkenean krisi sakon baten ondorioz desagertzekotan egon eta gero, gazte berrien esku abiatu da, kokagune ezberdin batean. Apirilaren 8an zehaztapen gehiago emanen dituzte.

EHZ Nomada Baionako karriketan iaz. (Aurore Lucas)
EHZ Nomada Baionako karriketan iaz. (Aurore Lucas)

Lekorne utzita, Irisarri izanen da EHZren kokagune berria. Aurreko tokian ez bezala, Nafarroa Behereko herri honen erdigunean ospatuko da jaialdia. Aldaketa honen arrazoia horrela azladu du Julen Ollarburu festibaleko bozeramaile berriak: «Erdigune batean ospatu nahi genuen, plaza girora berriz heltzeko Heletan ospatzen zenean bezala».

Barnealdeko hainbat herrien zerrenda osatu zuten, eta Irisarri izan zen erantzuten lehena: «Hainbat aukera genituen, baina horiek izan ziren erantzuten lehenak, eta kontent agertu ziren gure proposamenarekin».

Irailean EHZren gidaritza hartu zuen taldeak herriaz gain beste aldaketa batzuk ere eginen ditu. Garrantzitsuena, programazioan eskeintza kulturala eta eztabaida politikoaren arteko oreka izanen da. Orain arte lehenak garrantzi gehiago baldin bazuen, hemendik goiti tailerren eztabaiden eta sorkuntza ekimenen bitartez garrantzi gehiago emanen zaio bigarrenari.

Ostiralean eta larunbatean arratsaldeko bostak arte, EHZren balio moralei loturiko ekimenak izanen dira soilik. Programari buruzko informazio gehiago apirilaren 8an emanen dute prentsaurreko batean. Bertan aurtengo afitxa ere emanen dute ezagutzera.

Krisia

Iaz EHZ «Nomada» izan zen trantsizio urte gisara. Momentu horretan jakitera eman ez bazen ere barne krisia abiatua zen. Ordura arte gidaritza hartua zuten militanteek bere ardura utziko zutela eman zuten jakitera, eta jende berria hurbildu ezean dinamika bertan behera geldituko zela jakinarazi zuten. Irailaren erdialdean egin zen biltzar orokorrean jarraipena emateko prest zegoen gazte talde batek hartu zuen ardura. Geroztik gogoeta fasea abiatu zuten Euskal Herria Zuzenean dinamikak zer formatu hartuko zuen deliberatzeko.  Urtarrilaren erdialdean Baionako Zizpa gaztetxean egin zen biltzar nagusian festibalari eustea deliberatu zen. Berrikuntzak izango badira ere, betiko formatua atxikitzearen aldeko proposamenak nabarmen irabazi zuen egin zen bozketan.

2017ko erauntsia

2017an jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek, eguraldi txarraren ondorioz. Euskal Herri osotik «elkartasun erauntsia» jaso bazuten ere, barne egoera zaila bilakatu zen. Horregatik, hurrengoa trantsizio urtea izatea deliberatu zuten, ohiko jaialdiaren formatua alde batera utzi, eta Baigorri, Baiona eta Itsasun zehar nomada bilakatuz.

1996ean jaio zen EHZ Arrosan, eta geroztik herri ezberdinetan ospatu da, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan zehar. Azken urteetan Lapurdiko Lekorne herrian egiten zen jaialdia, berriz ere Nafarroa Beherera itzuliko da aurten.