Asier Aiestaran

Hondarribia, Orio eta Aviron, larunbatean Tamesis Ibaian arraun egiteko prest

Larunbat honetan ospatuko da Londresen "The Head of the River Race" aulki mugikorreko estropada ospetsua. Guztira 300 ontzitik gora izango dira irteeran, horietatik hiru Euskal Herritik joandakoak.

Hondarribiako zortzikoa, lanean (HONDARRIBIA)
Hondarribiako zortzikoa, lanean (HONDARRIBIA)

Orio, Hondarribia eta Baionako zortzikoek "The Head of the River Race" estropadan hartuko dute parte larunbatean, Londresen. Europa osoko 300 ontzitik gora izango dira irteeran eta guztira 3.000 arraunlaritik gora bilduko dira bertan.

Irtetzen lehena Orio izango da, 11.30ak aldera, 44. postuan. Eta bere atzetik Hondarribiaren txanda izango da. Zerrenda kirol irizpideen arabera egiten da eta apenas 10 bat segundo uzten dira ontzi bat eta bestearen artean. Aviron apur bat beranduago irtengo da, 83. postuan.

Estropada 1926an ospatu zen lehen aldiz, eta ordutik oso gutxitan geratu da jokatu gabe: 1940 eta 1945 urteen artean Bigarren Mundu Gerraren ondorioz eta eguraldi txarrak behartuta beste urteren batean.

Ibilbidea ere tradizio handikoa da: Oxford eta Cambridge unibertsitateen arteko estropada famatuan egiten den berdina, baina kontrako norabidean, 6.000 metro Mortlake eta Putney zubiaren artean.