Agonia kanpaiei entzungor eginda, Elordi-Etxebarriarentzat Promozioko txapelak (20-22)

Igorreko atzelariaren eskuinak oso justu amaitu du, baina sufritzen jakin dute bizkaitarrek eta Asier Agirreren egun kaxkarrari probetsu atera diote final gogor baten ostean.

Jon Ormazabal|2019/03/30
Pilota
Elordi-Etxebarria, txapelekin. (Iñigo URIZ/FOKU)

Finalak irabazteko omen dira eta gozatzeko apenas tarterik izan ez duten Aitor Elordi eta Oier Etxebarriak halaxe egin dute Labriten jokatutakoan, hamar urte beranduago, Promozioko Binakako txapela Bizkaira bueltan eramateko.

Piloteoan erabat dominaturik egon diren arren, sufritzen jakiteak eman die Elordi eta Oier Etxebarriari euren profesionaletako lehen txapela; Igorrekoaren kasuan, gainera, debutatu eta hiru hilabete eskasera. Izan ere, goiz xamar nabaritu da debutatu berriaren eskuin eskua ez zegoela nahi bezain ondo, edo ez zuela bere buruan konfiantza handirik eta Salaverrik hartu du partidako aginte makila. Hori bai, lauretan esperientziarik gehien zuen pilotaria zen arren, Asier Agirreren laguntza faltan bota du Fuenmayorrekoak. Txantrekoa ez da batere eraginkor aritu erasoan, besoa uzkurtu egin zaio eta ez dio bere atzelariak sortutako zuloei probetxurik atera.

Elordik bai, askoz aukera gutxiagorekin, erasoan asmatu du eta berak hartu du bikotearen zama. Bere atzelariak aldiz, pilota baztertuz eutsi ahal izan dio lehiari.

Eta hala ere, gehienean bizkaitarrena izan da markagailuaren agintea, gorriek huts askotxo pilatu dituztelako, hori bai, alde batera zein bestera alde nabarmenik gabe. 19-19 izan da partidako azken berdinketa eta amaieran askoz zuzenago aritu dira Elordi-Etxebarria, ondo sufritutako txapela jantziz.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.