NAIZ

Esnal-Sagarmendi eta Lasa-Lizaso txapeldun Beasaingo finaletan

Antzizar pilotalekuak sekulako sarrera izan du pilota egokituko II Master Cup EPE Irekiaren finalak ikusteko.

Finalista guztiak, sari banaketa ekitaldian (MASTER CUP)
Finalista guztiak, sari banaketa ekitaldian (MASTER CUP)

Adimen urritasuneko mailan argi geratu da txapelketaren lehiakortasunak nahiz kameren eta goraino bete den pilotaleku baten presioak kirolari hauei ere eragiten diela. Horixe izan da Iraitz Huegunen kasua. Donostiarrak sekulako joa eta dohainak ditu, baina gaur nahi baino huts gehiago batu ditu eta ezin izan du iaz lortutako garaipena errepikatu.

Leire Esnal (futbolean ere aritzen da Realarekin) eta Eneko Sagarmendi, aldiz, oso sendo aritu dira. Partida orekatua izan da bederatzinako berdinketara arte. Hortxe hasi dira Iraitz Huegunen komeriak: kaleak pilatzen hasi da eta arazoak izan ditu oinetakoekin. 9-17koan hartutako atsedenaldiak balio izan dio apur bat baretu eta erreakzio txiki bat izateko, baina Esnal-Sagarmendik oso ondo eutsi eta merezitako garaipena eskuratu dute (17-25).

Gurpildun aulkiko finalak halakoetan horrenbeste eskertzen den lehiakortasuna izan du, hasi eta buka, alde batera zein besterako abantailekin. Hemen ere tentsioa ikaragarri antzeman da azken tantoetan, bikote bakoitzak falta bat ere egin du sakez, baina azkenean partidaren gehienean aurretik joan diren Joseba Lasa eta Beñat Lizasok lortu dute garaipena, partida bikaina jokatu duen atzelari usurbildarrak atzean egindako tanto bikain bati esker (24-25).