@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Sexu heziketari buruzko gida argitaratu du Nafarroako LAB Irakaskuntzak

Haur eta lehen hezkuntzarako irakasleentzat sexu heziketari buruzko gida prestatu du Nafarroako LAB Irakaskuntzak. Gida honekin Sexualitatea Askatzailea Iruten egitasmoa abiatu du sindikatu honek.

LAB Irakaskuntzako kideak gida egilearen Itxaso Torregrosarekin batera. (@MartxeloDiaz)
LAB Irakaskuntzako kideak gida egilearen Itxaso Torregrosarekin batera. (@MartxeloDiaz)

Ez da ohikoa sindikatu batek sexu heziketari buruzko gida bat prestatzea. Izan ere, gidaren egilea den Itxaso Torregrosa LABeko kideak eta sexologoak gogoratu duenez, legearen arabera sexu heziketak bere lekua izan beharko luke ikastetxeetan baina ez da horrela. Horregatik, sindikatu batek ardura hori bere gain hartzearen garrantzia nabarmendu eta egindako esfortzua eskertu du Torregrosak.

Ikuspegi integral batetik eta aniztasunean oinarrituta egin dute gida. «Arina baina mamitsua da», adierazi du Torregrosak.

Sexu hezkuntza iraultzailea dela gaineratu du, pertsonak askeak sortzeko balio duelako. Orain arte seku heziketa ikuspegi negatibotik jorratu dela azaldu du Torregrosak. Edukin ia guztiak prebentziora zuzentzen dira, gaixotasunak eta haurdunaldiak ekidetzeko. Sexologiaren %2a inguruk baino ez du esparru hori aztertzen, baina hezkuntzan horretan zentratu du. Plazerra edo gozamena bezalako kontzeptuak lantzea ezinbestekotzat jo du Torregrosak, era positiboan landutako sexologiatik abiatuta.

LABek sortutako material hau eskoletan banatzen hasi dute. Kanpaina zabal baten hasiera baino ez da. Ildo hori lantzeko LABeko adituak eskeiniko ditu aholkularitzan aritu daitezen.

«Skolae programaren lagungarri izan daiteke kasu askotan, prozesuak aberasteko gida berri bat, gaian adituak diren profesionalek egindakoa izanaren bermea duena», nabarmendu du LAB Irakaskuntzako kide Eloy Tatok.