Nerea Goti

Lautadatik Mendialdera, Araban barrena dabil Korrika 21

Araban sartu da Korrika goizean goiz eta herrialdean jarraituko du hurrengo orduetan. Aguraindik Dulantzira, eta ondoren Azazetatik gora egin du mendatearen 887 metroak osatzeko. Eguerdian, Kanpezutik pasa eta  Nafarroan sartuko da berriz.

Araban sartu da Korrika goizean goiz. (NAIZ)
Araban sartu da Korrika goizean goiz. (NAIZ)

Giro hotzeko goiza Azazetan, Korrika agertu arte. Lautadatik Mendialdera salto egin du euskararen lasterketak eta errepidea eta bazterrak berotu ditu, tipi-tapa edota klika ospetsuaren erritmora. Aldapa zorrotzak menderatu behar dituzte korrikalariek Azazeta igotzeko erritmoa galdu gabe.

Goizean goiz Agurainen utzi du bizipenez beteriko aztarna euskararen aldeko ekimen biziak. Beranduago Gasteiz eta Lizarra lotzen dituen mendatetik gora egiteko ordua heldu da. Eta han, maldan gora, bereziki eskertzen dira furgonetako kideen hitzak, korrikalariek azaldutakoaren arabera. Mikrofonoa hartzen duen horrek ondo daki animoak pizten, indar fisikoa huts egiten hasten denean.

Dulantziko koadrilak Okeluko, Aitxoak eta Satorrak taldeen kilometroa egin du maldan gora. Esan dutenez, «gogorra izan da baina merezi du». Hau da, errepikatuko lukete.

Mendatearen gainean luzapen askorik ez da ikusi. Batzuk lanera, beste batzuk taberna bila egarria kentzeko. Etxerako bueltarako Pintball Ibargutxiko lagunak ere batu dira. Kilometroa egin dute bost urteko Amets eta Lukenekin. «Haurrek oso ondo aguantatu dute, ez dugu sufritu baina aldapa gogorra da», komentatu du Eñautek. Azaldu duenez, «musika alaia eta animoak» dira aurrera jarraitzen laguntzen dutenak.