@Maite_Ubiria

Macronen erretratuak kendu zituzten sei ekintzaile Baionako polizia-etxera deitu dituzte

«Taldean eginiko lapurreta» egotzita, klimaren aldeko sei ekintzaile Baionako polizi-etxean deklaratzera deituak izan dira gaurdanik. Bertan hamarka lagunen sostengua jaso dute. Emmanuel Macron frantses presidentearen lau argazki erretiratu zituzten Bizi! mugimenduko kideek beste hainbeste udaletxetatik.

Bizi!ko ekintzaleak komisaldegi aitzinean.
Bizi!ko ekintzaleak komisaldegi aitzinean.

«Haiek sinboloak defendatzen dituzte, guk bizitza defendatzen dugu» zioen frantsesez idatzitako banderola jarri dute Baionako polizi-etxearen aitzinean, klimaren aldeko aktibistek egin zuten ekintzaren helburua azaltzeko.

Deklaratzera deitutako ekintzaileetatik lehena, Xan izeneko gaztea, goizeko 9.00etan sartu da eraikinean, kanpoan bildu diren lagunen txalo eta elkartasun oihuen artean.

Orotara, sei lagun deitu dituzte deklaratzera. Bost egunean zehar pasako dira eta, seigarrena, datozen egunotan. Guztiei «taldean eginiko lapurreta» egotzi diete, aurpegia erakutsiz, eta, beraz, era guztiz publikoan, «Macronek bere hitza ez duela bete larrialdi klimatiko eta sozialari buruz» salatzeko helburuarekin haren erretratua udaletatik kendu zutelako.

Hain zuzen ere, otsailaren 21az geroztik, Biarritz, Donibane-Garazi, Maule eta Uztaritzeko udaletxeetatik kendu zituzten frantses presidentearen erretratuak.

«Nahiz eta bortizkeriarik gabeko protestak izan, badirudi ekintza horiek min handia egin diotela gobernuari», nabarmendu dute polizi-etxearen aitzinean Bizi! mugimenduko ordezkariek.

Protesta Hexagono mailan abiatu zenetik, orotara 43 militante deklaratzera deitu ditu Poliziak eta horietatik 23 atxilotuak izan dira. Finean, udatik bueltan lau auzi finkatu dituzte.

Poliziaren aurrera deklaratzera joan aitzin «ondorioak izan daitezkeela jakinik ere», buruturiko ekintzak «erabat asumitzen dituztela» nabarmendu dute Bizi!-ko ekintzaileek.

«Klima aldaketaren gaineko ardurak» agerian uzteko urrats eman zuten euskal militante horiek 75.000 eurora arteko isunak jaso ditzakete.