naiz

Sare, epaiketa berri baten aurrean: «Sufrimenduarekin amaitzeko garai honetan auzi onartezina da»

Gaur jakinarazi dute datorren irailaren 16an abituko dela 47 euskal herritarren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean. Sareren hitzetan, 20 eta 8 urte bitarteko «akusazio eta zigor desproporzionatuak onartezinak» dira. «Bakerako urratsak emateko garaian gauden honetan, halako auziek ez dutelako kabidarik».

47 euskal herritar epaituko dituzte espainiar Auzitegi Nazionalean irailetik aurrera, Herrira, Jaiki Adi, Etxerat, bitartekari eta abokatuen aurkako operazio ezberdinetan atxilotuak. 

«Sufrimenduarekin amaitzeko garai honetan auzi onartezina da», adierazi du Sarek ohar baten bitartez. «Mina areagotu eta presoen auziari aterabidea emanaz elkarbizitza erreal baten alde urratsak eman beharrean, kontrako norantzan kokatzen da epaiketa hau», gehitu dute.

«Zauri berriak zabaldu eta korapiloak estutzeko baino ez du balio», azpimarratu du euskal preso politikoen eskubideen aldeko sareak. Bide beretik, «besarkada bana» helarazi nahi izan diete auzi berri honen parte izatea egotzi zaien guztiei eta euren senide eta lagunei.

Sarekada haietako bat 2015eko urtarrileko manifestazioren ostean izan zen. «Gogora ekarri nahi dugu Sare Herritarrak bildutako dirua lapurtu zuela Guardia Zibilak, oraindik orain, itzuli izan ez dena». 90.000 euro eraman zituen Guardia Zibilak egun hartan. «Konponbidean aurrera egin eta benetako elkarbizitza egoera zein bakerako urratsak emateko garaian gauden honetan, halako auziek ez dutelako kabidarik, Sarek bere konpromiso osoa adierazi nahi du bide honetan lanean jarraitzeko», amaitu dute.