Naiz

EuskarAbenturak aukeratu ditu aurtengo 121 espedizio-kideak

Uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria zeharkatuko dute oinez 16-17 urte bitarteko beste gaztetxo batzuekin batera. 263 pertsonek bidali dute udalekuetan parte hartzeko lana, eta horien artean aproposenak aukeratu dituzte.

Gazteentzat ondo pasatuz euskaraz bizitzeko aukera aparta da Euskarabentura. (NAIZ)
Gazteentzat ondo pasatuz euskaraz bizitzeko aukera aparta da Euskarabentura. (NAIZ)

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16 eta 17 urte bitarteko 121 neska-mutilek hartuko dute parte EuskarAbentura 2019 espedizioan. Taldeak euskararen lurralde osoa zeharkatuko du oinez, datorren uztailaren 1etik 31ra bitarte.

Ezaguzera eman dutenez, pasa den martxoaren 10ean itxi zuten EuskarAbentura 2019 espedizioan parte hartu nahi zutenek izena emateko epea. Lan bat eta motibazio gutun bat igortzeko eskatu zieten gazteei.

Lurralde bakoitzetik abenturara batuko ziren gazteentzako plaza kopurua aldez aurretik ezartzeko, lurralde bakoitzeko biztanleriak Euskal Herriko biztanleria osoarekiko suposatzen duen proportzioa hartu zuten kontuan, eta 121 laguneko taldera estrapolatu. Era berean, Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko anitzen presentzia bermatzea eta neska/mutil proportzio orekatua lortzea ere finkatu zuten helburu gisa.

Bestalde, bi leku gorde zituzten zortzigarren euskal probintziakoentzat. Dena dela, aurretiaz ezarritako kuota horietako batzuk betetzea ezinezkoa izan da lurralde batzuetatik behar baino eskaera gutxiago iritsi direlako.

Aste hauetan zehar, Eusko Ikaskuntzako eta PuntuEUS Fundazioko 20 kide aritu dira jasotako 263 proposamen eta motibazio gutunak ebaluatzen. Epaimahaiak originaltasun, estilo, teknika eta kalitate irizpideetan oinarritu du bere ebazpena.

Horrenbestez, une honetan, 121 gaztek dute EuskarAbentura 2019 espedizioan parte hartu ahal izateko lekua, guztiak 2002–2003 bitarte jaiotakoak. %65 neskak dira, eta %35 mutilak. Gaurtik hasita, astebeteko epea dute bermea ordaintzeko. Atzera egin eta ezezkoa emanez gero, itxaron-zerrendan geratu diren gazteek eskuratu ahal izango dituzte haiek libre utzitako lekuak.