Hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute Baionan

Hiruko Itunaren markoan, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute gaur Baionan. Hiru erakundeek 2017an sinatu zuten akordioaren aurtengo eranskina aurkeztu dute, 2019an zehar euskara sustatzeko lankidetzan burutuko diren ekimenak zehaztuz.

Naiz|2019/04/15 15:55
Ollo
Beñat Arrabit, Ana Ollo eta Bingen Zupiria Baionan. (IREKIA)

Lapurdiko hiriburuan izenpetu duten lankidetza akordioaren arabera helduen euskalduntzean, hizkuntza gaitasunen egiaztapenean, euskararen erabileraren sustapenean edota euskararen inguruan ikerketan lanean arituko dira hiru erakundeak elkarrekin.

Era berean, Hiruko Itunari esker azken urtean burututako ekimenen berri eman dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Administrazioekiko Harremanetako kontseilariak eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak gaurko prentsaurrekoan.

Adierazi dutenez, 2017ko uztailaren 3an Iruñean sinatutako Hiruko Itunaren ondorioz euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura duten erakundeen artean «inoizko elkarlanik eraginkorrena» garatzen ari da.

Gutuna frantziar Gobernuari

Jacqueline Gourault Frantziako Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko harremanetarako ministroak eskola publikoetako ama-eskoletan murgiltze ereduaren garatzea ez zela legezkoa esan ondoren, Euskararen Erakunde Publikoak frantziar Gobernuari gutuna bidalio dio murgiltze eredua defendatzeko.

Beñat Arrabit EEPko lehendakariak, Benedicte Luberriaga EEPko lehen lehendakariorde eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakariaren ordezkoak, Mathieu Berge EEPko bigarren lehendakariorde eta Akitania Berriko lehendakariaren ordezkoak izenpetu dute gutuna eta Gouraultiri, Edouard Philippe Frantziako Lehen ministroari eta Jean-Michel Blanquer Hezkunde Nazionaleko ministroari bidali diote.

Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko harremanetarako ministroaren erranak ezin ditugu Estatuaren erantzun ofizial gisa kontsideratu" diote gutunean, «nahasmena» sortzen dutela gaineratuz.