Dabid Lazkanoiturburu

Ultraeskuina gobernu berrian ez sartu ala bai, horra hor Finlandiako politikaren dilema

Hauteskundeak irabaztekotan egon den Finlandiako ultraeskuina baztertu ala gobernuan onartu egin behar da?. Zer da txarrena eta onena, beraientzat eta sistemarentzat?

Jussi Halla-aho Benetako Finlandiarrak ultraeskuinako alderdiaren burua. [Vesa MOILANEN]
Jussi Halla-aho Benetako Finlandiarrak ultraeskuinako alderdiaren burua. [Vesa MOILANEN]

Finlandiako Alderdi Sozialdemokratak (SDP) hauteskundeak irabazi ditu, 1999. urtetik hona lehen aldiz. Aldiz, bi dezima (0,2%) eta eserleku bateko aldea baino ez dio atera Benetako Finlandiarrak alderdi ultraeskuinari. Are okerrago. SPDk lortu dituen 40 diputatuekin ez du inolaz ere nahiko Berdeekin (20 eserleku) eta Ezkerraren Itunarekin (16) Parlamentuan (200) gehiengo osoa lortzeko, azken bi alderdiek emaitza onak lortu badituzte ere.

Izan ere, igandekoak Finlandiak bere historian bizi izan duen hauteskunde-emaitzik zatituenaren aurrean gaude, alderdi bat berak ere ez duelako lortu bozen %20a.

Horrela, bada, ezker-eskuin koalizioa osatzea beharko luke SPD-k Benetako Finlandiarrak gobernutik kanpo uzteko.  

Kontua zera da, horrelako «soluzioak» baduela aurrekaririk, eta ez oso oparoa.

2011-2014 urte bitartean sei alderdiez osatutako koalizioa osatu zuen Jyrki Katainen kontserbadoreak. 2014an izugarrizko jipoia jaso zuen hauteskundeetan legealdian inolako emaitzik ezin izan zuelako sortu. Dudarik gabe, horren beldur egongo da  Antti Rinne sozialdemokraten burua.

Nahiko lan izango du bere ezkerrera eta eskuinera begira eta dagoeneko argi duen gauza bakarra orainarte lehen ministroa izan den Juha Sipila Zentroko Alderdia ez dela gobernuan sartuko. Sipilak Benetako Finlandiarrak alderdia onartu zuen bere koalizioan eta horrek ez omen dio inolako mesederik egin hauteskunde hauetan, laugarren geratu delako (bozen %13,8a eta 31 eserleku).

Hala ere, Benetako Finlandiarrei ere ez zien onik egin koalizioan sartzea eta handik bi urtera bozen erdia galdua zuten.
Azkenean, eta eszisio bat medio, Jussi Halla-ahok alderdia gobernutik atera zuen sinatutako konpromisoak bertan behera utzi eta gero.

Alderdia artean eskuinera joan da eta islamofobia eta xenofobia ardatz hartuta, 39 diputatu lortu ditu.

Halla-ahok-ek argi du, nola edo hala, «hurrengo gobernuak Benetako Finlandiarroi kontuan izango gaituela».