Dabid Lazkanoiturburu

Indonesiako bozetan egungo presidentea, general bat eta islamizazioaren bilakaera lehian

Joko Widoko egungo Indonesiako presidenteak aise irabazi dizkio hauteskundeak Prabowo Subianto generalari. Azken honek, Suharto diktadorearen suina, alderdi islamistekin bat egin du munduko herrialde musulmanik handienak bizi duen islamizazio prozesua politikoki baliatzeko. Hauteslekuak itxi ondorengo inkesta guztien arabera, ez zaio ondo atera.

 Indonesiako presidentea, Joko Widodol, eta bere bigarrena Maruf Amin ulema [AFP]
Indonesiako presidentea, Joko Widodol, eta bere bigarrena Maruf Amin ulema [AFP]

Indonesiako presidenteak, Joko Widodok, aise irabazi ditu hauteskundeak Prabowo Subianto generalaren aurka, hauteskundeak itxi eta kaleratu diren inkesten arabera.

Euskal Herrian goizeko 8ak zirenean itxi dituzte ateak azken hauteslekuak. Lehenak Papuasian zabaldu ziren,  17.000 irlez osatuta dagoen Indonesiako ekialdean. Itxi ziren azkenak Sumatrako irlaren mendebaldean; beraz, izugarrizko desafioa izan da mendebaldetik ekialdera 4.800 kilometroko luzeera duen herrialdean egun berean hiru hauteskunde antolatzea: presidentzialak, Parlamenturako bozak eta udal hauteskundeak.

Emaitza ofizialak jakiteko maiatzera arte itxaron beharko den arren, hauteskundeak amaitu eta bi ordutara  kaleratu ziren inkestak. Eta Indonesiako Hautes Batzordearen (KPU) baimenarekin lan egin duten 40 inkesta-etxek jasotako datuen arabera, Joko Widodo presidenteak, «Jokowi» ezizenarekin ezaguna denak, bozen %54 -56a  eskuratu ditu, Prabowo Subiantok %43-45a gainditu ez duelarik.

Musulmanak eta islama

Munduko herrialde musulmanik populatuena den Indonesian (gutxigatik baina musulman gehien bizi diren herrialdea India da) islamaren hautua izan da hauteskundeetako lehiaren ardatz nagusia.

Joko Widodok islamaren interpretazio malguagoa defendatzen zuen. Prabowo Subiantok, ordea, Hizbut Tahrir eta Islamaren Defendatzaileen Frontea bezalako talde islamistekin ituna sinatu du hauteskundeen bezperatan, Indonesiak bizi duen islamizazio-prozesua politikoki aprobetxatu asmoz.

Inkesten arabera, ez omen zaio ondo atera. Baina Joko Widodo «Jokowik» egungo presidentea ere ez da geldirik geratu eta hauteskundeetarako bere bigarren gisa Maruf Amin klerigoa aurkeztu du, Indonesiako Ulemen Kontseiluko presidentea, beraz herrialdeko erakunde islamikorik handienaren lehen agintaria.

«Jokowik» gogoan du bere bigarrena zena, Basuki Purmana («Ahok») politikari kristauak eta jatorriz txinatarrak kartzelan amaitu zuela Jakartako gobernadorea hautatzeko bozetan ustez islama iraintzeagatik, eta hori guztia Koranaren bertsikulu bat aipatu zuelako.

Giza eslubideak

Presidenteak «Ahok» kartzelan usteltzen utzi zuen baina ez da hau boterea eskuratu zuenean Barack Obama AEBetako presidente ohiarekin alderatu zuten «Jokowik» egin duen traizio bakarra. Giza eskubideak eta gutxiengoak defendatzen dituzten erakundeek boikota (golput) iragarri dute, abstenitzeko edo txuriz bozkatzeko dei eginez.

Hala ere, badirudi presidenteak nahiko boza eskuratu dituela Prabowo Subiantori aise irabazteko. 2014an askozaz estuagoa izan zen bien arteko aldea.

Prabowo Subianto generala Suharto diktadorearen (1967-1998) suina da eta segurtasuna eta gastu militarren gehitzea defendatu izan du, islamizazio prozesuaren azkartzearekin batera. Ekonomia arloan, Donald Trump-i jarraituz, «Indonesia First» leloa aldarrikatu du, protekzionismoa defendatuz eta Txina Indonesian bultzatzen ari den inbertsio izugarriak kolokan jarriz.

Egungo presidenteak, ordea, herrialdearen bilakaera ekonomiko positiboa baliatu du (%5eko hazkundea urtero) eta Txinaren laguntzarekin bultzatzen ari diren azpiegiturak jarri ditu mahai gainean, eraiki berri den Jakartako metroa tartean.