Martxan da Gazte Topagunea Lemoan

Eguerdiko 12.00etan milaka gazteek hasiera eman diote Lemoan ospatzen ari den Gazte Topaguneari. Ernai eta Aitzina gazte erakundeek deituta, herri eta auzoetako eguneroko borroka eta lanen topaleku izango da Lemoa.

@ibaiazparren|Lemoa|2019/04/19 14:56
Topagune12
Hasiera ekitaldi ederra burutu dute gazteek. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Txalaparten doinuekin hasi da Gazte Topagunea. 40 urte igaro dira Ezker Abertzaleko lehenengo Gazte Antolakundea sortu zenetik eta horren harira batu dira milaka gazte Lemoan. Mahai-inguruek eta musika kontzertuek hartuko dute tarterik handiena topaguneak irauten dituen lau egunetan.

Hori baino lehen, harrera ekitaldia egin dute 12.00etan. Lanean burubealarri egon diren Aitor Servier eta Lur Albizuk (Aitzina eta Ernaiko ordezkariak) hartu dute hitza. Servierrek «besarkada eta muxu bana» bidali nahi izan die «frantziar eta espainiar Estatuetan espetxeetan dauden preso politiko guztiei».

Topagunea herri osoan zehar hedatzen denez, informazio guztiarekin triptikoak banatuko dituztela gogoratu du Servierrek. Albizuk, berriz, «topagunea posible egin duten» eragileei eskerrak eman nahi izan die; NAIZ, Topatu, NAIZ Irratia, Musika Zuzenenan, Hamaika Telebista, GARA edo Izarkom, besteak beste.

Berezitasun gisa, Gazte Topagunean Gazte Sortzaileen Plaza egongo da. Bertan, era askotariko ekimen kulturalek emango diote traza plazari, hala nola, musikagintza, bertsolaritza, idazketa, marrazkigintza… Erakusketa espazio, eztabaida eta gune eta hausnarketarako eremua ere prestatuko dute gazte desberdinen artean, «Euskal Herria kulturatik eraikitze bidean pausuak emanaz».

«Internazionalismoa da herriok inperiarlismoaren aurka borrokatzeko tresna politikoa. Baina Ernaik eta Aitzina soilik ezin izango dugu munstro honen aurrean irabazi. Bidelagunak beharko ditugu. Harreman asko egin ditugu eta hauek sendotzera gatoz», adierazi dute.

Gainera, ¨herri langileari deklaratu dioten gerra irabazi behar dugu». Horregatik, «ezkerretik eta feminismotik» estatua eraikiko dutela azaldu dute. «Banandurik eta geldirik nahi gaituztenei oso argi erakutsi diegu elkartasuna gure eguneroko lana direla», argitu dute.

Izan ere, Gaztela, Galiza, Katalunia, Korsika, Sizilia, Asturies, Portugal, Irlanda, Norbegia, Hego Afrika, Kurdistan, Brasil, Txile, Argentina eta Uruguaiko gazte antolakundeak etorri dira aurtengo topagunera.

Amaitzeko, antolatzaileek Topagunean elkarrengadik ikasi, konplizitatez, konspiratu, harremanedu, maitatu, irauli, hasunartu eta eztabaidatzera animatu dute.

Lemoa errespetatu

Albizuk eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarri dutela iragarri du eta Servierrek Lemoako herritarrak errespetatzera animatu du. Izan ere, auzolanez antolatu dute ekitaldia, Saioa Elezabarrieta Lemoako alkateak gogoratu duenez.

«Ohore bat da topagune hain berezia gure herrian ospatzea. Egingo diren ekimen eta aldarrikapenak Euskal Herriko txoko guztietara heldu behar dira», adierazi du alkateak. Gainera, kartzelan dauden «gure Aitor eta Galder gogora ekarri» nahi izan ditu.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK