naiz

«Bizitzaren alde», maiatzaren 1eko manifestazioak Bilbon eta Iruñean deitu ditu ELAk

«Bizitza da lehena. Nuestras vidas frente al capital» lelopean, bi manifestazio deitu ditu ELAk maiatzaren Lehenerako, bata Bilbon eta bestea Iruñean.

Iazko maiatzaren 1ean ELAk egindako mobilizazioa (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Iazko maiatzaren 1ean ELAk egindako mobilizazioa (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Aurtengo Langileen Nazioarteko Eguneko programa aurkeztu du ELA sindikatuak, eta Bilbon eta Iruñean ospatuko du Maiatzaren Lehena, bi manifestaziorekin. Bilbokoa 11.45ean aterako da Jesusen Bihotzetik; Iruñeakoa, aldiz, 12.00etan, Gurutze Enparantzatik.

Mobilizazioak ez ezik, festara ere deitu du sindikatuak; hala, bi hirietan eguerdian egingo diren ekitaldi eta mobilizazioen ostean «adiskidetasun bazkariak» egingo dira Bilboko Areatzan eta Iruñeko Labriten.

Manifestua

«Gizarte berdintsuago eta demokratikoago baten» aldeko konpromisoa hartu duela berretsi du ELAk prentsara igorritako manifestuan, «sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkalak» zabaltzen duen mezuari kontrajarriz.

«Eskuin muturrak ildo politikoa markatzen du, eta ezkerra ez da gauza aukerako erreferentziak taxutzeko», kritikatu dute sindikatutik. Horren aurrean, langileriak bere «nortasuna sendotu» behar duela defendatu dute: «Esparru kolektibotik bakarrik egin diezaiekegu aurre haien gezur eta politikei».

Bestalde, aurten grebak nabarmen ugaritu direla azpimarratu dute, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa agertu: «Zenbat eta greba gehiago, orduan eta hitzarmen hobeak».