naiz
Gasteiz

Forondako aireportuak 24 orduz jarduteko ahalmena berreskuratu du, zazpi urte eta gero

2012an espainiar Gobernuak ahalmen hau kendu eta gero, Forondako aireportuak 24 orduz jarduteko ahalmena berreskuratu du. EH Bilduk euskal aireportuak kudeatzeko eskumena euskal instituzioen esku egotea aldarrikatu du.

Forondak 24 orduz jarduteko ahalmena berreskuratu du. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Forondak 24 orduz jarduteko ahalmena berreskuratu du. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Forondako aireportuak H24, 24 orduz jarduteko ahalmena, berreskuratu du. Mariano Raxoiren espainiar Gobernuak kendu zizkion Mugako Ikuskatze Puntua (PIF gaztelaniaz) eta H24 ahalmena Arabako aireportuari 2012an, krisi ekonomikoaren ondorioz hainbat aireportutan egin beharreko murrizpenen aitzakipean.

EH Bildu pozik agertu da berriarekin. «Azkenean, inoiz gertatu behar ez zen bidegabekeria hori, urteotan Forondako aireportuaren karga zein bidaiari garraioaren garapena guztiz baldintzatu eta oztopatu egin duena, amaitu da», adierazi du ohar baten bitartez.

«Pozik gaude H24 berreskuratuta gure aireportuaren jarduera guztiz garatzeko aukerak biderkatu egiten direlako» adierazi du Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Diputatu Nagusigaiak. «Baina ezin da berriro gertatu Madrilen gobernatzen duenaren apeta politikoengatik edota kalkulu elektoral ziztrinengatik Arabarako zein Euskal Herri osorako estrategikoa den azpiegitura baten garapena horren modu larrian kaltetzea», jarraitu du bozeramaile soberanistak.

«Beraz, horren aurrean konponbide bakarra da behingoz euskal aireportuak kudeatzeko eskumena euskal instituzioen esku egotea, ‘aireportu bat, hainbat terminal’ printzipioaren arabera euskal aireportuen sarea hemendik bertatik kudeatzeko. Eta arlo honi dagokionez hori izango da datorren legealdian EH Bilduko hautetsi guztion lehentasuna bai Arabako instituzioetan, bai Madrilgo Kongresuan: euskal aireportuak kudeatzeko eskumena ahalik eta azkarren lortzea. Afera honetan ere erabakigarriak izango gara», amaitu du Fernandez de Pinedok.