NAIZ

Ampo Ordizia Ligako finalerdiak jokatzeko sailkatu da

Goierritarrek 38-31 menderatu dute Burgos Altamiran, eta datorren larunbatean Valladoliden jokatuko dute finalerdia El Salvador indartsuaren aurka.

Partidako une bat (AMPO ORDIZIA)
Partidako une bat (AMPO ORDIZIA)

Pozik dira Ampo Ordizia eta bere jarraitzaile guztiak. Goierritarrek 38-31 irabazi dute Ligako final-laurdenetako partida Burgosen aurka eta finalerdiak jokatzeko txartela eskuratu dute.

Neurketaren gakoa ordiziarren hasiera bikainean egon da. Lehen minututik oso indartsu irten dira Altamirako zelaira eta markagailuan 21-0 aurreratzea lortu dute.

Imanol Iruarriz, Asier Korta eta Siosiua Moala izan dira euskaldunentzat entseguak lortu dituztenak, Valentin Cruzek osatuak hirurak, eta 25. minuturako horrelako abantaila izateak sekulako bultzada eman dio etxeko taldeari.

Hala ere, Burgosek utzi du bere mailaren zertzeladaren bat. Lehen zatiko azken minutuetan aurrera egin dute espainiarrek eta atsedenaldira joaterako dezente hurbildu dira markagailuan: 24-17. Facundo Salas, Juan Gabriel Aristimuño eta Juandre Kleynhans izan dira gaztelarren entseguak lortu dituzten jokalariak.

Beste hasiera on bat

Baina bigarren zatiaren hasieran, Ordiziak berriz ere kolpe ederra jo du mahai gainean. Hasi eta berehala Lander Mujika izan da entsegua lortu duena, eta handik gutxira Valentin Cruz berak sinatu du beste bat. Markagailuan tartea ireki dute berriz (38-17), eta azken minutuetan lasaiago jokatzeko aukera izan dute, gutxiago arriskatuz.

Burgosi kontrakoa pasa zaio, eta azken saiakera bat egin behar izan dute hil ala bizi. Gai izan dira beste bi entsegu egiteko, lehena Juan Pablo Guidok sinatua eta bigarrena, jada luzapenean, Sergio Molinerok.

Baina garaipena etxean geratu da (38-31) eta Ampo Ordizia izango da datorren larunbateko finalerdia jokatuko duena El Salvadorren etxean. Ez da erraza izango, baina moralez gainezka bidaiatuko dute gipuzkoarrek.