Asier Aiestaran

Urrutikoetxeak nagusitasun osoz menderatu du Bengoetxea (8-22)

Zaratamokoa erabat nagusitu da piloteoan eta erasoan ere asko asmatu du. Leitzarra, aldiz, beti behartuta aritu da eta aukerak izan dituenean ere kamuts.

Urrutikoetxea, dejada botatzen (Monika DEL VALLE / FOKU)
Urrutikoetxea, dejada botatzen (Monika DEL VALLE / FOKU)

Mikel Urrutikoetxea Buruz Buruko Txapelketaren finalerdietan izango da aurten ere. Zaratamokoa jaun eta jabe izan da Oinatz Bengoetxearen aurka jokatu duen final-laurdenean eta azken emaitzak, 8-22, argi erakusten du bien artean izan den aldea.

Apustulariek tankera emana zioten bien arteko alde horri, eta dirua nabarmen atera da bizkaitarraren alde. Eta hasieratik eman dio arrazoia pilotariak katedrari. Piloteoan erabat nagusituz, askoz ere aukera hobeak izan ditu tantoa amaitzeko, eta baita asmatu ere.

Urrutikoetxea 0-3 aurreratu da tanto oso gogor baten ostean: 29 pilotakada guztira eta Urrutik txokoan ederki amaitu. Oinatzek ere lan asko egin du, 225 pilotakada izan ditu demak, eta 4-6 gerturatu da hasiera horretan.

Baina kolpean zegoen aldea handia zen, eta apurka-apurka Urrutikoetxea tarteak irekitzen hasi da. 4-10 joan da hurrengo partzialean, bi gantxo bikain eta ormabiko eder bat tarteko. Eta 6-17 hurrengoan, zazpi tanto segidan eginda –aurreneko hirurak meritu handikoak, eta ondoren Oinatzen opariren bat ere bai–.

Hortik aurrera, partida jada apurtuta zegoela, Oinatz emaitza apur bat txukuntzen saiatu da, baina ez du lortu eta zortzian geratu da.

Finalerdietan Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko du Mikel Urrutikoetxeak, hemendik bi astera (hilaren 18an, larunbatez) Bilbon bertan.