Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Veltek ‘Nik sinesten dizut’ aurkeztu du Iruñean, sanferminetako bortxaketaren kontakizun kritikoa

Samara Velte kazetari eta ikerlariak ‘Nik sinesten dizut’ liburua aurkeztu du Iruñean, Aleka bildumaren zortzigarren liburua. 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketa aitzakia, ikuspegi kritiko batetik aztertzen du auzia: «Kronika liburu soil bat ez zen beharrezkoa, indarkeriari buruzko errelato koherentea baizik».

Valtek liburua aurkeztu du Iruñeko Comedias kaleko Elkarren. (Ibai AZPARREN/NAIZ)
Valtek liburua aurkeztu du Iruñeko Comedias kaleko Elkarren. (Ibai AZPARREN/NAIZ)

2016ko sanferminetako lehen gauean, bost gizon atxilotu zituzten Iruñean, denen artean neska bat bortxatzea leporatuta. Biharamunean, eraso sexisten aurkako elkarretaratze handi batekin bete zen Iruñeko Udaletxe plaza.

Kasuak hartutako dimentsio sozial, politiko eta mediatikoaz gain, ikuspegi kritiko batetik aztertzen du auzia Veltek ‘Nik sinesten dizut’ liburuan, ‘Berria’, Elkar, Txalaparta eta Jakinen eskutik argitaratutakoa. Gaur bortxaketaren kultura deitzen zaion hori «aletzea, uztartzea eta deszifratzea» helburu duen obra aurkeztu du Iruñean.

Hala ere, kasuari buruzko «kronika liburu soil bat» ez zela behar argitu du, indarkeriaren inguruan «kontakizun koherente bat baizik». Horregatik, portadan islatzen den bezala, indarkeria sexista poliedro bat bezala azaldu nahi izan du Veltek liburuan, hau sei zatitan banatuz.

Lehenengoan, nola iritsi den Iruñea azken hamarkadako indarkeriaren aurkako mobilizaio handienetako batzuk jasotzen dituen hiria izatera aztertzen du. Izan ere, Valteren hitzetan, «ez da kasualitatea» gertakariak hartu zuen dimentsioa Iruñea bezalako toki batean gertatu izana. Mugimendu feminista goraipatu du autoreak, baita instituzio publikoekin burututako elkarlan estua.

Salaketa publikoa jasotzen du bigarran atalak; «sortzen diren lehenengo erantzunak» eta bortxaketa zer den inguruko eztabaida, gerra diskurtsibo hori. Baina kasu honi esker «epaitegietako kutsu patriarkala» ikusi dela dio Veltek, eta horren inguruan aritu da laugarren kapituluan.

Autorearen iritziz, biktimaren sinesgarritasunari eraso egin zaio eta, horregatik, ‘Nik sinesten dizut’ izenburua jarri dio, printzipio bezala barneratuz eta lelo hori orokortzeak suposatu duen urratsagatik.

Jarraipen mediatikoa

Kazetari gisa komunikabideek egin zuten jarraipen mediatikoa ere aztertu du autoreak. Izan ere, «garbi geratu zen logika bat bilatu» behar zitzaiola bortxaketari eta, horren aurka, Veltek ez zuen «salbuespenaren narratiba hori» indartu nahi.

Beraz, liburua ez da datuetan ezta xehetasunetan oinarritzen: «Kobertura mediatiko batzuek irakurketa morbosoa sustatu zuten». Morbo horretatik harago joan nahi duen edozein pertsonarentzat zuzenduta dago. Azkenengo kapitulua galderen bilduma dela azaldu du, harreman, justizia edo zigorrei buruz sortutako galderak biltzen dituena.

Atal bakoitzerako iturri ezberdinak erabili ditu Veltek. Adela Asua, Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde ohia, Maitena Monroy, autodefentsan aditua edo Ignasi Terrades, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea elkarrizketatu ditu, besteak beste.

Hortaz, biolentzia fisikoaz harago, epaiketatik ateratako argudio sexistek eta «paraleloan zalbaldutako epaiketa mediatiko eta sozialak» biltzen dituen liburua idatzi du Veltek.