NAIZ
IRUÑEA

«Hizkuntza eskubideen afera erdigunera ekartzeko» hamabost neurri proposatu ditu Kontseiluak

Hauteskunde kanpainaren baitan hizkuntza politika berrirako bide-orri bat aurkeztu du Kontseiluak Iruñean. Hamabost proposamen zehatz biltzen ditu, legegintzaldi berrian jauzi bat ematen laguntzeko.

Kontseiluak ezohiko ekitaldia egin du Iruñean. (Kontseilua)
Kontseiluak ezohiko ekitaldia egin du Iruñean. (Kontseilua)

Ezohiko ekitaldia egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Iruñeko Erraldoien txokoan. «Hainbatek galdetu digute zergatik antolatu dugun kanpainaren erdian zerbait. Erantzuna sinplea izan da: hizkuntza eskubideen afera erdigunera ekarri behar delako», azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Hiru herritarren testigantzak eman dituzte. «Oraindik UPNren Gobernuko inertzietan oinarritzen diren neurriak hartzen jarraitzen da, eta iruditzen zaigu legegintzaldi berriaren hasieran inertzia horiei amaiera eman beharko lieketela alderdiek», esan du Bilbaok.

Legeak ezarritako eremu euskalduneko herritar bati mediku euskalduna ez izateak eragiten dizkion kalteak; azken urteotan atzerriko hizkuntzei euskarari baino puntuazio handiagoa emateak sortu dituen bereizkeriak; eta urte luzez D eredua lortzeko borrokan izan diren gurasoei orain PAI programa jartzeko derrigortasuna azaldu dituzte testigantza horietan.

«Beti esan izan dugu hizkuntza-politikek eragin zuzen-zuzena dutela herritarrengan; Nafarroan oraindik gertatzen diren bidegabekeriei aurpegiak jarri nahi izan dizkiegu gaur», aipatu du Kontseiluko eledunak.

Neurri zehatzak

Aurkeztutako hizkuntza politika berrirako bide-orriak hamabost proposamen zehatz biltzen ditu, eta proposamen bakoitzaren barruan neurri zehatzak jartzen saiatu dira. «Hain zuzen ere, hurrengo legegintzaldian neurri horiek noiz abiaraziko dituzten erabakitzea besterik ez dute egin beharko Gobernuan», adierazi du Bilbaok.

Corpus juridikoari dagokionez, lege berriaz gain, administrazioa euskalduntzeko dekretua berritzea ere eskatu du, izan ere, «berriki onartutakoak ez dizkie beharrak ezartzen instituzioei, eta, ondorioz, herritarren eskubideen bermea borondatean oinarritzen da».

Hiztunei dagokienez, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ereduaren beharra eta helduen euskalduntzearen doakotasuna ere jasotzen dira proposamenean.

Kontseiluaren arabera, hiztunez gain, hurrengo legegintzaldiko politikak euskaraz bizitzea posible eginen duten espazioak eta tresnak ere izan beharko ditu kontuan: «Eremu sozioekonomikoa, kultura, ingurune digitala, hedabideak, aisialdia… Proposamen integrala egiten saiatu gara, euskaraz bizi nahi duten herritarrei erantzun integrala emateko».

Neurri guztiak aurkeztutakoan, elkarlanerako deia egin du: «Legegintzaldian Kontseiluak erantzukizunez jokatu du Gobernuarekiko, geu ere aldaketaren parte sentitzen ginelako. Etorkizunean erantzukizun bera izateko asmoa dugu, baina dei egiten diegu alderdi politikoei ere erantzukizunez joka dezaten».