NAIZ

1.200 euroko gutxieneko soldata proposatu du Ilardiak, Aldundiak kontratatutako enpresetan

Bea Ilardiak, EH Bilduren Bizkaiko Aldundirako hautagaiak, Unai Rementeriak sare sozialetan zabaldutako mezuari erantzunez, kontratazio publikoetan lan baldintza duinak bermatu behar direla nabarmendu du.

Bea Ilardia, joan den larunbatean EH Bilduk Bilbon egindako ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Bea Ilardia, joan den larunbatean EH Bilduk Bilbon egindako ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

«Bizkaiko Foru Aldundiak erreferente bat izan behar du lan baldintza duinak bermatzeko borrokan, ezin du prekarietatea zabaltzen jarraitu», nabarmendu du Bea Ilardiak EH Bilduk bidalitako oharrean aipatzen denez.

EH Bilduren jardunaren ardatz nagusietariko bat izan behar da Aldundian lan baldintza duinak bermatzearena eta konpromiso sendoa hartu du Ilardiak Bilbon, Aldundiaren aurrean egindako ekimenean.

«Aldundiak egiten dituen kontratazio publikoetan, Aldundiak kontratatutako enpresa guztietan, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea» proposatu du, «ongizatearen oinarrietako bat, bizitza duin eta egonkor baten oinarrietako bat, lan baldintza duinak direlako. Hilaren bukaerara heltzea ez da zerbait berezia izan behar, normala izan behar du».

EH Bilduren ahaldungai nagusiak behar-beharrezkotzat jo du kontratazio publikoetan klausula sozialak jartzea, aldarrikatu duenez mekanismorik eraginkorrena baita lan baldintza duinak ziurtatzeko. Orain arte, ordea, Aldundiak ez die horrelako klausularik jarri kontratatzen dituen enpresei eta salatu duenez, prekarietatearen handitzea suposatu  du.

«Une honetan zenbait lanpostutan 1.200 euro baino gutxiago ordaintzen ari dira, eta hori ez da onargarria. 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea ezinbesteko urratsa da bizitza kalitatearen hobetzean urratsak emateko», azpimarratu du.

Ilardiak gogora ekarri du EH Bilduk kontratazio publiko guztietan klausula sozialak ezartzeko lege proposamena aurkeztu duela Gasteizko Legebiltzarrean, «baina EAJ, PSE eta PPk bat egin zuten hain arrazoizkoa eta beharrezkoa zen proposamen hori atzera botatzeko».