NAIZ
GASTEIZ

Jundiz eta Foronda trenbidez lotzea proposatu du EH Bilduk

Gasteizko aireportuan garraioa bultzatzeko asmoz, Jundiz industrialdea eta Foronda 5,5 kilometroko trenbide baten bitartez lotzea planteatu du EH Bilduk. 

Kike Fernandez de Pinedo, Arabako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia, Estarronan egindako aurkezpenean.
Kike Fernandez de Pinedo, Arabako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia, Estarronan egindako aurkezpenean.

Estarronan eginiko aurkezpenean, Arabako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagai Kike Fernandez de Pinedok proiektuaren inguruko xehetasunak eman ditu eta, azaldu duenez, bost kilometro eta erdiko trenbide berri bat izango litzateke, Adifen Jundizko egungo geltokitik eta 15 milioi euroko inbertsioa izango luke. 

Proposamen honekin batera, EH Bilduk adierazi du baztertu egiten dituela Bilodan geltoki intermodala eraikitzeko planak. Horren ordez, egungo Jundizko gune logistikoa Krispijanaraino handitzea planteatzen dute. «Ez du inolako zentzurik merkantzia-geltoki beri bat eraikitzea egun dagoen geltokitik 2.000 metrotara, 46 hektarea okupatuz eta Bide Berdea moztuz», nabarmendu du Fernandez de Pinedok. 

Eremu horretarako, AP1 eta A1 errepideen arteko lotune berri bat jasotzen du koalizioaren proposamenak, Foronda aireportuko mendebaldetik Foronda bera eta Jundiz lotuz eta Estarrona beste aldera utziz.

«Etxabarri-Ibiñatik Armiñoira egin den proposamena baino zentzudunagoa da, eta behin betiko konponduko ditu orain Etxabarri-Ibiña eta N-622 errepidearen lotunean sortzen diren arazoak», azaldu du hautagai abertzaleak.

Forondako aireportua «herri ikuspegi batetik» bultzatzeko borondatea azpimarratu du koalizioak. «Euskal aireportuen artean elkarlana eta osagarritasuna bilatu behar ditugu –adierazi du Fernandez de Pinedok– Gasteizko aireportuaren indarguneak aprobetxatuz garraio aireportua izateko. Horrez gain, hegaldi erregularrak, charterrak eta ozeanoz gaindiko hegaldiak erakarri behar ditugu». 

Era berean, EH Bilduk esan du polo teknologiko berri bat sortu nahi duela «gertu eta gutxiegi erabilita dagoen» Miñao Parke Teknologikoarekin batera. Bi azpiegiturak bultzatzea da helburua eta, kasu honetan, energia berriztagarriak, biozientiza eta fabrikazio aurreratua zutabe izatea nahi du koalizioak, Arabak arlo horietan «puntako» enpresak dituelako.