Sindikatuek ostiralerako Osakidetzako Lehen Arretan deitutako greba mantenduko dute

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Arnasberritzen plataformak greba eguna deitu zuten ostiralerako, maiatzak 17, Osakidetzako Lehen Arreta zerbitzuetan eta hau mantentzea erabaki dute Osakidetzak konponbiderik eskaini ez duela argudiatuta.

naiz|2019/05/14 16:00

Mahai Sektoriala gaur bildu ostean, sindikatuek ostiralerako deitutako greba mantentzea erabaki dute. Lan-taldeak haztea eskatzen dute Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta Arnasberritzen plataformak, arreta hobea eskaini asmoz.

Gaur bertan, Lakuako Gobernu Kontseilua bildu egin da eta familia medikuntzan eta erizaintzan 46 plaza sortuko dituela jakinarazi du. Hala ere, sindikatuen eta Lakuaren arteko aldeak ez dira konpondu eta greba mantentzea erabaki dute. Osakidetzak, aldiz, bilera berri baterako data ezarri die hilaren 27an. 

Juan Luis Diego, osakidetzako zuzendari nagusiak, «ahalegina» egiten ari direla adierazi du, eta zentzu horretan kokatu du sortuko dituen lanpostuak. Ildo horretatik greba mantentzea berri txartzat jo du «Gobernua dagoeneko Lehen Arreta indartzeko neurri konkretuetan ari denean». Neurri hauek, baina, sindikatuen iritziz, «ez dira nahikoa».

Ohar baten bitartez, EAEko erizainen sindikatuak ere Osakidetzari «konponbideak jartzeko» eskatu dio, modu horretan «profesionalen beharrei erantzuteko». Lan-taldeak handitzeaz gain, mediku bakoitzeko erizain bat egotea eta baja guztiak ordezkatzea eskatu dute. «Osakidetzak ez du edukiz betetako neurri bakar bat ere aurkeztu», gehitu dute.

LABek, berriz, Osakidetzaren mugimendu hauek «greba indargabetzeko» ahalegina baino ez direla salatu dute. Jakinarazi dutenez, sindikatuek aurkeztutako 23 proposamenetatik, Osakidetzak 13 baino ez ditu jaso eta «ez ditu neurri serio eta benetakoak aurkezten, soilik asmo onak». Bide beretik mintzatu da ELA. «Osakidetzak bazter utzitako 10 puntuak oso mamitsuak dira. Lehen Arretaren arazoak larriak dira: behin-behinekotasunaren tasa itzelak (%38), plantillak egonkortzeko beharra, plantillen neurriak eta kopuruak zehazteko beharra, Lehen Arretan giza baliabide nahikoak eta beharrezkoak jartzea. Azken puntu honi begira, adierazi digu lanean hasteko borondatea daukala, baina beti ere, aurrekontuen mugak aldarrikatuz. 2.000 bat lanpostu gehiago beharko liratezke Lehen Arretan kaltatzeko arreta bat eman ahal izateko», adierazi dute.

Zentzu horretan, UGTk Osakidetzaren «konpromiso falta» azpimarratu du. «Lehen Arretaren egoera jasanezina da eta azken urteetako murrizketen ondorio da», gehitu dute.