Gipuzkoa zeharkatuko du Realak, Kopako garaipena herrialdearekin eta zaleekin partekatzeko

Gipuzkoako hainbat herri bisitatuko ditu Realak ostegun honetan, Kopako garaipena herrialde osoarekin ospatu eta jasotako babesagatik zale guztiei eskerrak emateko. Aretxabaletan hasiko da bira, eta Irunen amaitu.

NAIZ|DONOSTIA|2019/05/15 13:25
Reala
Zaleekin partekatu nahi dute lortutako balentria. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

«Gure emakumeen taldeak klubaren historiako orririk politenetakoa idatzi zuen larunbatean», dio Gipuzkoako bira aurkezteko Realak publikatu duen oharrak.

Granadan Atletico Madrilen aurka lortutako garaipena da ospatu beharrekoa, familia txuri-urdina «pozez» bete duen titulua. Zentzu horretan, harrera beroa egin zitzaien txapeldunei iragan igandean; besteak beste, Diputazioan, Donostiako Udalean eta Anoeta estadioan omendu zituzten, gizonezkoek Real Madrilen aurka jokatu zuten partidaren atarian zein ostean.

«Tamaina honetako balentria batek, baina, Realaren historian egin ohi den bezala, jokalariek eta tituluak Gipuzkoan zehar paseatzea merezi du», dio talde donostiarraren komunikatuak. Hori horrela, ostegun honetan errepidera aterako dira jokalari txuri-urdinak, Gipuzkoako hainbat udalerri bisitatzeko.

Hala, hainbat herritako udaletxeetan izango dira, «garaipen handi hau probintzia osoarekin ospatu eta Gipuzkoako zale guztiei eskerrak emateko taldeari eman dioten babesagatik».

Goizeko 11.00etan hasiko dute herrialdean barrena eramango dituen tourra, Aretxabaletan. Arrasaten izango dira 11.45ean, Beasainen 13.00etan, Tolosan 16.30ean, Urnietan 17.30ean, Lasarte-Orian 18.30ean, Hondarribian 19.30ean eta Irunen 20.30ean.