NAIZ

Itziarrek hartu du gaur ‘Akelarre’ pelikularen filmaketa

Itziarreko Sakoneta hondartzan izan da gaur ‘Akelarre’ filmeko lantaldea. Sorgin-ehizak oinarri dituen pelikularen filmaketa maiatzaren 6an hasi zen Lagan, eta datozen asteetan Urbasa, Lesaka edota Saran jarraituko dute.

Itziarreko sekuentziaren irudia. (NAIZ)
Itziarreko sekuentziaren irudia. (NAIZ)

Itziarreko Sakoneta hondartzan izan du jarraipena gaur Pablo Agueroren ‘Akelarre’ pelikularen filmaketak. Goizean, sorgin izatea leporatuta protagonistak atxilotzen dituzten sekuentzia grabatu dute.

‘Akelarre’ drama historiko bat da, 1609an Euskal Herrian jazotako sorgin-ehizen gaineko irakurketa feminista egin nahi duena, filmeko lantaldetik adierazi dutenez. Pablo Aguerok zuzenduko du eta bera izan da baita ere gidoia idatzi duena, Katell Guillou-rekin (‘En vouloir ou pas’, 2018; ‘Hors de l’abri’, 2010) batera. Antzezle-talde gaztearekin ari dira lanean, eta Amaia Aberasturi (‘Umezurtzak’, 2013; ‘Vitoria 3 de marzo’, 2017) eta Álex Brendemühl (‘La Prière, 2018; ‘Petra’, 2018; ‘Madre’, 2018) dira filmeko protagonistak.

Javier Agirre (‘Loreak’, 2014; ‘Dantza’, 2018; ‘Handia’, 2018) da argazki zuzendaria eta arte zuzendaritza Mikel Serranok (‘Handia’) darama. Musika, aldiz, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ren (‘Morir’, 2017) eskutik joango da.

Filmaketa maiatzaren 6an hasi zen Laga hondartzan eta zazpi astetan zehar Euskal Herriko gune ezberdinetan ariko dira, tartean Urbasa, Lesaka edota Sara.

Sorgin-ehizak

Aguero Pierre de Lancreren ‘Tableau de l'inconstance et l'instabilité de toutes choses’ (Gauza ororen aldakortasuna eta iraun ezina erakusten duen liburua) lanean oinarritu da filma osatzeko.

Pelikula Euskal Herrian kokatzen da, 1609an. Gizonak itsasora joanak direla, Amaiak basoko ospakizun batean parte hartuko du beste hainbat emakumerekin. Rostegi epaileak haien atxiloketa aginduko du, sorgin izatea leporatuta, eta akelarreez dakiten guztia konta dezaten edozer egingo du.

Amaiak deklaratzeari uko egingo dio haseran, baina apurka epailearen jokoan sartzen joango da eta bien arteko lehia sortuko da.