NAIZ
Lekeitio

Lekeitioko Azkue Ikastolak laguntza ekonomikoa eskatu du euriak Ibilaldia zapuztu ostean

Eguraldi txarra dela eta, Ibilaldiko bi gune itxi behar izan dituzte eta arratsalderako horietan programatutako ekintzak beste bietara mugitu dituzte. Lehen balantzearen arabera, euriarengatik galera ekonomikoak aurreikusi dituzte.

Lekeitio gaur goizean. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Lekeitio gaur goizean. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Azkue Ikastolari egokitu zaio aurten Bizkaiako ikastolen festa antolatzea ‘Haratzago!’ lemapean, bere proiektuak aurrera ateratzeko behar duen bultzada lortzeko itxaropenarekin. Zoritxarrez, eguraldi oso txarra egin du eta itsasertzean zeuden bi guneak itxi behar izan dituzte.

Ahal den neurrian arratsaldeko egitarauari eutsiko diote, eta horretarako ekintzak lekuz aldatuko dituzte gelditzen diren beste bi gunetara; ikastolara eta plazara. «Urte guztia daramagu ilusioz lanean gaurko eguna aurrera ateratzeko. Eguraldiak gure lana zapuztu duenez, Euskal komunitatearen laguntza behar dugu», adierazi dute ikastolatik.

Hori dela eta, laguntza ekonomikoa jasotzeko, bi kontu korronte prestatu dituzte. Datozen egunetan egingo dute balorazio orokorra eta orduan izango dituzte benetako datuak, baina lehenengo balorazioaren arabera galera ekonomikoak izango dira.

Euskararekin, aurrera

10.00etan izan den hasiera ekitaldian erakundetako zein alderdi politikoen ordezkariak izan dira, festarako prest. Horien artean Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza Sailburuak hitza hartu du: «gaur egun euskarak duen osasuna Ikastolek, ikastetxeek egindako lan guztiari esker da. Badakit sarritan euskararen ezagutza maila nahiko genukeena baino baxuagoa dela, baina horrek indartu egin behar gaitu gure ahaleginean. Gure aurrekoek egin zuten bezala. Ez du balio kexu agertzea. Baditugu tresnak esku artean, baina Hezkuntzak bakarrik ezin du. Beraz, ekin diezaiogun», esan du.

Ikastolen Elkarteko lehendakaria den Koldo Tellituk esan du EAEko hezkuntzak datu bikainak lortu dituen arren,«azken aldian gure hezkuntza sisteman ahuleziak agertzen» ari direla eta horiekiko ezin dugula «autokonplazientziaz jokatu». «Gure ustez, Euskal Herriko Hezkuntza sistemen egungo zikloa agortzen ari da. Erkidego honetan eskola-emaitzak ez dira egiten diren ahaleginen eta inbertsioen parekoak, ez daude euskal gizartearen ekarpen eta ahaleginaren mailan. Ebaluazioaren kulturaren ibilbidea mugatua da, gure ikasleen euskara maila maldan behera doa azken ebaluazio diagnostikoen arabera, Euskal Curriculumak eta konpetentzien diskurtsoak hasierako bultzada baino ez dute izan...», aipatu du.

Berarentzat «kezkagarria» da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasleen euskara ezagutza eta kalitate mailek behera egin dutela. Bestalde, azpimarratu du gero eta hau gehiago iristen direla ikastetxera matrikulazio garaitik kanpo, ia denak atzerrritarrak, «eta haiek ikastetxeetara bideratzeko orduan desoreka handiak ematen ari dira sareen artean eta sare barruko ikastetxeen artean». Honen aurrean neurririk hartu ezean, euskarak atzerapausoa egin dezakela uste du. «Euskal Herri euskalduna nahi dugu, eta kanpotik datozenak gure herrian txertatu nahi ditugu, inklusioaren bitartez», aldarrikatu du segregazioaren kontrako mezua zabalduz.