Arnaitz Gorriti

Real Madril eta Obradoiroren aurka bilatu beharko du Gipuzkoa Basketek salbazioa (88-71)

Bartzelonan 88-71 galdu dute donostiarrek; Madrilen Estudiantesek 83-80 irabazi dio Obradoirori. Bada, azkenengo jardunaldian GBCk Real Madril gainditu beharko du etxean eta Obradoirok Barçaren aurrean amore eman beharko du gipuzkoarrek ACB Ligan jarraituko badute.

Thomas Heurtelen talentuak airean eraman ditu markagailuan atzetik aurrera egiteko Gipuzkoa Basketek burututako ahaleginak. (P. LARGO / ACB PHOTO)
Thomas Heurtelen talentuak airean eraman ditu markagailuan atzetik aurrera egiteko Gipuzkoa Basketek burututako ahaleginak. (P. LARGO / ACB PHOTO)

Jardunaldiek aurrera egin ahala, gero eta zailago du salbazioa Delteco Gipuzkoa Basketek. Bartzelonaren aurka ahaleginak eta bi egin ditu talde donostiarrak, baina 88-71 amore eman behar izan du aurreneko erdi oso txarra jokatu ostean. Gero bai, atsedenaldiaren ostean birritan zazpi puntura hurbildu dira Sergio Valdeolmillosen mutilak, Rebec, Burjanadze eta Nevels jokoan sartu direnean. Baina Thomas Heurtel azaldu da orduan donostiarren ametsak pikutara bidaltzeko.

Bestetik, Estudiantesek Obradoiro 83-80 gainditu du, Dario Brizuela donostiarraren azken orduko saskiratze miragarriei esker. Ondorioz, donostiarrek salbatzeko dute abagadunerik onena honakoa izango da azkenengo jardunaldirako: Real Madrili irabazi Illunben eta galiziarrek Bartzelonaren aurka gal dezatela. Horrez gain, Estudiantesek ere mesede egin behar dio talde donostiarrari Badalonan irabazita; izan ere, berdinketa anitzetan donostiarrak galtzaile ateratzen baitira. Bada, hiru emaitza mesedegarriok elkartu ezean –Gipuzkoa Basketen garaipena, Obradoiroren porrota Bartzelonaren aurka eta Estudiantesen garaipena Badalonan–, gipuzkoarrek ACB Ligako maila galduko dute.

Hirukoen errezeta

Esan bezala, gakoa aurreneko bi laurdenetan egon da. Aurreneko jokaldien ostean 2-5 aurreratu badira gipuzkoarrak, Svetislav Pesicek berehala hutsartea eskatu eta arin zuzendu ditu bere mutilak: 12-1eko partziala eta akabo bromak; pozik, hala ere, laurdenaren azken unean Heurtelek huts egin eta kontraerasoan Corbachok hirukoa sartu duelako, 18-11 jarriz markagailua. Bigarren laurdena, berriz, ez da hobea izan. Katalanek hirukoetan asmatu egin dute eta Valdeolmillosenak ez dira gai izan erritmo horri eusteko. Bestalde, nahiz eta ante Tomicek jai izan duen, Pustovyi erraldoia, Singleton eta enparauak nahikoa eta larregi izan dira Gipuzkoa Basketentzat, eta atsedenaldirako ia dena erabakita geratu da, markagailua 42-27 dela.

Aldageletatik buelta espabilatu dira donostiarrak. Rebec eta Nevelsek abiadura eman diote GBCren jokoari eta Burjanadze, nahiz eta aurreneko erdian ez den finegi aritu, saskiraketak lortzen hasi da. 0-8ko partzial baten ondotik hamar puntuz behetik jarri dira gipuzkoarrak, 48-39, baina Svetislav Pesicek Rolands Smits letoniarra eta batez ere Thomas Heurtel atera ditu kantxara, eta haiek beste gatz bat eman diote Barçaren erasoari. Ondorioz, azken laurdenaren atarira markagailua 64-48 dela iritsi dira.

Beste estutu bat eman dio partidari azken minutuetan Gipuzkoa Basketek. Rebecek bere zortzi puntuak orduan saskiratu ditu eta unetxoren baten 71-63 ere jarri da talde donostiara. Alperrik ordea; Heurtel ez da oparirik emateko egon eta seraphin zein Hanga egin ditu bazkide partida behin betiko erabakitzeko.

Bilbao Basketek pauso bat behar oraindik ere

Bestetik, Miribillan jokatuko den Urrezko LEB Ligako Lauko Finalean egoteko oraindik garaipen bat falta zaio RETAbet Bilbao Basketi, Palentzian final-laurdenetako kanporaketako laugarren dema 61-57 galdu ostean. Ostiralean 81-87 irabazi ondoren, kanporaketa bina jarri da eta asteazkenean jokatu beharko dute talde hauek biek kitarakoa, Miribillako Bilbao Arenan hain zuzen.

Aurreneko laurdena 18-19 aurretik amaitu arren, ez dira sekula eroso aritu Alex Mumbruren mutilak. Partida gogorra izan da, kontaktuz betea, eta kalitate eskasekoa. Palentziak bigarren laurdenean aurrea hartu duenetik, gainera, ez dio bakerik eman Bilbao Basketi. Atsedenaldira 40-32 iritsi dira eta bilbotarrak ez dira gai izan gaztelarren maila fisiko berean aritzeko. Horrez gain, jaurtiketa libreetan eskas aritu dira –15etik 9 baino ez dituzte sartu, %60– eta epaileekin kexuka indar gehiegi xahutu dituzte.

Hala ere, azken minutura irabazteko aukerekin iritsi dira, Ivan Cruz pibotak markagailua 57-56 jarri eta gero. Presioa Palentziak zeukan une horietan, baina Urko Otegi lako beterano gogor bat ere badute. Pasai San Pedroko hegal-pibotak sartu ditu Palentziak behar zituen azken puntuak, eta hortxe joan dira bizkaitarren garaipen aukerak laugarren partida hontan. Txarren txarrenera, kantxa faktorea alde du Bilbao Basketek eta ditxosozko «Miribilla Efektua» baliatu beharko dute asteazkenean kanporaketa erabaki eta etxean jokatu beharreko ACB Ligara igotzeko Lauko Finalean egon ahal izateko.