NAIZ

Bikoizketaren egoeraz hausnartzeko hitzarmena sinatu dute Bieusek eta Euskaltzaindiak

Bost urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (Bieuse) eta Euskaltzaindiak, sektorearen egoera eta beharrak ikusarazteko. Euskararen zabalkundean egiten duten lana aitortu die Euskaltzaindiak.

Beraetxe, Urrutia eta Alkiza, hitzarmena sinatzen. (EUSKALTZAINDIA)
Beraetxe, Urrutia eta Alkiza, hitzarmena sinatzen. (EUSKALTZAINDIA)

Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (BIEUSE) eta Euskaltzaindiak bost urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Jakinarazi dutenez, bi erakundeen arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da, bereziki, bikoiztaile euskaldunek egiten duten lana ikusarazteko, azpimarratzeko eta hedatzeko ekintzetan.

Aipatzekoa da elkarteko kideak greba mugagabean daudela, euren lan baldintzetan eman den beherakadak sortutako «egoera jasanezina» dela eta. 

Zentzu horretan, Iñaki Beraetxe Bieuseko lehendakariak elkarteko kideentzat hitzarmenak duen garrantzia nabarmendu du, «Euskaltzaindiak gure asmoekin eta helburuekin bat egiteak hauspoa ematen digulako gure eskubideak aldarrikatzeko eta euskal bikoizketa bultzatzeko eta sustatzeko».

Prekarietatearen gainetik

Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak aitortu du euskal bikoiztaileek urteetan eginiko «lan paregabea, bai eta egiten dihardutena ere», askotariko produktuak euskal hiztunei hurreratzen saiatzen baitira «euskararen zabalkundeari eta sustapenari ekarpen azpimarragarria eginez».

Baina Urrutiak harago jo du bere adierazpenetan: «Ekarpen hori, gainera, hainbatetan oso lan-baldintza prekario eta zailetan egin ohi dute eta horrexegatik da are azpimarragarriagoa egiten duten ekarpena eta erakusten duten engaiamendua». Euskaltzainburuak gehitu du euskal bikoizketa «ezinbestekoa» dela hizkuntzaren normalkuntzarako, eta etorkizunean erakunde bien arteko lana bultzatzeko asmoak agertu ditu.