NAIZ

Lucy Kennedy australiarrak irabazi du Durango-Durango Saria

Mitchelton taldeko txirrindulariak Goiuriako azken aurreko igoeran jo du erasoa eta azken kilometroak bakarka egin ditu.

Lucy Kennedy, helmugan sartzen (FOKU)
Lucy Kennedy, helmugan sartzen (FOKU)

Mitchelton-Scott taldeko Lucy Kennedy australiarra izan da Durango-Durango Emakumeen Sari Nagusiko irabazlea. Kennedyk Goiuriako azken aurreko igoeran egin du aurrera eta azken kilometroak bakarka egin ditu, Ezkurdi Plazan besoak jaso ahal izateko.

Atzetik hirukote bat jardun da Kennedy harrapatu nahian. Lana egitea Shara Gillow australiarrari (FDJ) eta Soraya Paladin italiarrari (Ale-Cipollini) tokatu zaie, Amanda Spratt Kennedyren taldekidea izanik, gurpilean joan delako uneoro.

Lasaitasun hori bikain baliatu du Spratt australiarrak taldetxoan azkarrena izateko eta Mitcheltoni lehen bi postuak emateko, 26 segundora. Hirugarren Paladin izan da eta laugarren Gillow. Atzetik, 59 segundora, Amy Pieters (Boels) holandarra sartu da bosgarren.

Euskaldun onena Ane Santesteban (WNT) izan da, 11. postuan, irabazlearengandik zazpi minutura.

Gogoratu Emakumeen Bira, World Tour zirkuituko proba, asteazkenean hasiko dela eta larunbatera arte luzatuko dela lau etaparekin.