Gipuzkoako helduen egoitzetako grebalariak Aldunditik kanporatu ditu Ertzaintzak

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek Aldundia hartu dute 11.00ak aldera eta bazkalostean hauek kanporatu egin ditu Ertzaintzak. LABek deituta, aste honetan bost greba egun egingo dituzte.

Ane URKIRI|Donostia|2019/05/21 13:30
Helduenegoitza_lab
Hogeita hamar bat langilek hartu zuten Aldundiko egoitzaren sarrera.(Andoni CANELLADA / FOKU)

11.00ak bueltan ziren Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak Gipuzkoa plazara hurbildu eta Aldundiaren egoitzan sartu direnean. Hogeita hamar bat langile sartu dira, eseri eta «Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena orain» pankarta zabaldu dute segidan. Behar beste ordu bertan igarotzeko asmoarekin sartu dira Aldundira eta bazirudien eguna amaitu bitartean bertan egongo zirela.

Ertzainein aurreneko patruila segituan iritsi da, grebalarien presentziak urduritasuna zabaldu baitu administrazioan. Kanpoan geratu direnek kanpin dendak ireki dituzte eta pixoihal zikinak bota dituzte, «hitzarmena orain» nahi dutela aldarrikatzearekin batera.

Zarata atera eta ikusgarritasuna lortu dute behintzat. Aste honetan beste bost greba egun egingo dituzte LABek deituta eta gogoratu dute duela bi urtetik hitzarmenik gabe daudela sektoreak biltzen dituen 5.000 langile inguru, eta honen ardura Aldundiarena dena «zerbitzu publikoa den heinean».

Bi urte hauetan aurrerapausorik eman ez izana irudikatze asmoz hartu dute Aldundia eta goizeko egonaldian ere, Ertzainen bisitaz aparte, ez dute Aldundiko gobernuaren ordezkarien arretarik jaso. Langileak identifikatuak izan dira eta hasiera batean prentsaren sarrera galarazi du Ertzaintzak. Komunera joateko ere nortasun agiria erakutsi behar izan dutela ohartarazi dute.

Kanporaketa

15.30ak aldera, Ertzaintzak esku hartu eta kanporatzen hasi dira. Aldundiko ateak itxi eta protestak kanpoan jarraitu du, azken langilea arrastaka atera duten arte. Kanpoan zeudenek txaloka hartu dituzte.

 

LAB sindikatua irailean hasi zen protestak indartzen, 2017tik hitzarmena negoziatzen egon ostean. ELAk du gehiengoa sektorean eta mahai-negoziatzailera agertzen ez denez, «blokeo egoeran» daudela nabarmendu du Leire Ormazabal sindikalistak. «Joko zikina» egitea aurpegiratu dio ELA zein Aldundiari, bi patronalekin mahai-negoziatzailetik aparte negoziatzen aritzearren.

«Helduen egoitzetako sektorea zerbitzu sozialen esparruan txertatzen den heinean, zerbitzu publikoa izan behar duela defendatuko dugu, enpresa pribatuen araberako erabakiak har ez daitezen», azpimarratu du Ormazabalek eta langileen baldintza duinez gain, egoiliarren bizi-kalitate hobeago baten alde borrokan daudela gogorarazi du. Aldarrikapen horiek «egoera honen arduradun nagusia den» Aldundiak entzuteko hartu dute egoitza.