Nagore BELASTEGI
Donostia

Victoria Eugenia antzokia paleolitikoko kobazulo bihurtuko dute Ekainen 50. urteurrenean

Dokumental batekin hasiko da Ekain kobazuloaren aurkikuntza ospatzeko Donostian egingo duten gala. Ondoren Tanya Tagaq abeslari inuita arituko da, Orfeoi Gaztearekin eta Dantzaz konpainiarekin batera. Xabier Anuntzibai muralgileak irudi bat sortuko du zuzenean, Ainhoa Aierbe aktoreak ikuskizuna gidatzen duen bitartean.

Tanya Tagaq-ek musika tresna tradizionalak izango ditu lagun ikuskizunean. (Levi MANCHAK/CC)
Tanya Tagaq-ek musika tresna tradizionalak izango ditu lagun ikuskizunean. (Levi MANCHAK/CC)

Ekainaren 8an 50 urte beteko dira Antxieta Arkeologia elkarteko kideek Deban Ekain kobazuloko margoak aurkitu zituztela. 14.000 urte dituzten pintura horiek altxor bat direla ulertu eta berehala adituekin harremanetan jarri ziren horiek aztertu eta zaindu zitzaten. Koba publikoari itxi eta, 2008an, Zestoan erreplika zabaldu zuten aurkikuntza gizartearen esku uzteko asmoz.

Urteurrena ospatzeko, bezperan, ekainaren 7an, 19.00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian gala ospatuko dute. Kobazuloko aurkikuntza eta haren kudeaketa lankidetzaren fruitu izan denez, oraingoan ere indarren batuketa beharrezkoa izango da. Hori islatzeko disziplina anitzak batuko dituen ikuskizuna prestatu dute.

Aranzadi zientzia elkarteko kidea den Juantxo Agirrek esan duenez, «Donostiako luxuzko koba honetara» Ekainen parte bat eramango dute. Honek azaldu du lehenik ikerkuntza zientifikoari buruzko dokumental bat proiektatuko dutela, 15 minutukoa, eta ondoren musikari helduko diotela. Ekaingo koban bizi izan ziren gizakien garaian glaziazioa zela eta, egun klima hori Ternuan aurkitu dezakegu eta horregatik bertakoa den Tanya Tagaq inuit abeslaria ekarriko dute Donostiara lehen aldiz.

Ikuskizunean parte hartuko dute ere bai Dantzaz konpainiak eta Orfeoi Gazteak, Ainhoa Aierbe aktoreak gala gidatuko du eta Xabier Anuntzibai muralgileak bere irudiak sortuko ditu eszenatokiaren atzekaldean. Galarako sarrerak 12 eurotan salduko dituzte, eta bertaratzen diren guztiek argitalpen monografiko bat eskuratuko dute argazki inedito eta testu informatiboekin.

Ikerketekin aurrera

Ekaingo ikerketa ez da amaitu. Une honetan bi ikerketa ildo daude. Alde batetik, Dani Ruizek bere garaian ikertzaileek aztarnategitik aterako su-harrien inguruko tesia egiten ari da. Teknika berriekin ari da horiek lantzen eta emaitza berriak lortzen ari da. Bestalde, Blanca Otxoak ere egungo teknologien bidez pinturak aztertzen ari da eta begi bistan ikusten ez direnak aurkitu ditu. Hau posiblea da erresoluzio altuko argazkiei esker, kobara hainbeste aldiz sartu beharrik gabe. Argazki horiek Ekainberriren webgunean daude ikusgai, gizarte guztiarentzat eskuragarriak.

Efemeridea ospatzeko hainbat ekitaldi ari dira ospatzen urte osoan zehar. Tartean, egun Deban ikusgai dauden pinturen kalkoen erakusketa. Era berean, ekainaren 4, 11 20 eta 27an Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkikuntzari eta ikerketa ildo berriei buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte adituek. Bestalde, urteurrenaren biharamunean, ekainaren 9an, Zestoan Ekainfest antolatuko dute, alegia, ate irekien eguna, Ekainberriko kudeatzailea den Juanjo Aranburuk argitu duenez.