NAIZ

Loiu eta Barazarko lan istripu hilgarriak salatu dituzte

Loiuko Aceros Olarran atzo, garabi batekin lanean ari zela lan istripuz zendu zen 46 urteko beharginaren heriotza salatzeko 24 orduko lanuztea egiten ari dira enpresan. Bihar, elkarretaratzea egingo dute Bilbon ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek, atzo ere Barazarren jazo zen lan istripu hilgarria gaitzesteko. 

Aceros Olarrako beharginek elkarretaratzea egin dute Loiuko enpresaren atarian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Aceros Olarrako beharginek elkarretaratzea egin dute Loiuko enpresaren atarian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Egun osoko lanuztearekin, atzo Aceros Olarran izandako lan istripu hilgarria salatu dute beharginek.

Garabi batekin lanean ari zela, 46 urteko gizon bat hil zen. Arratsaldeko 14.30ean gertatu zen lan istripua eta enpresara bertaratutako osasun zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin behargina suspertzeko.

Enpresa batzordeak deituta, langileek elkarretaratzea egin dute lantegiaren atarian.

Elkarretaratzea Barazarko lan istripuarengatik

Bestalde, atzo ere Barazarko igoeran gertatu zen lan istripu hilgarria salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, ostirala, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek. 

Ohar bateratu batean, doluminak eta elkartasuna adierazi nahi izan diete zendutako gidariaren senide eta lagunei. Horrez gain, «lan istripuen atzean ezkutatzen den prekarietatea errotik ezabatzeko» eskatu diete erantzule politikoei, «besteak beste, benetako segurtasun politikak  ezarriz eta enpresetan jarraipen zorrotza eginez».

Izan ere, zenbatekoak «beldurgarriak» direla ohartarazi dute: 2018an 68 pertsona zendu ziren lan istripuetan, horietatik 24 errepidean (15 garraiolariak). Aurten dagoeneko 20 behargin zendu direla salatu dute, lau aste honetan bertan. 

Lanuztea Irunen

Irungo CAFeko langileek ere lanuztea egin dute, amiantoak eragindako gaixotasun baten ondorioz zendutako Felix Vazquez 63 urteko lankidearen heriotza salatzeko. 

Enpresa batzordeak deituta egin dute lanuztea eta tarte horretan beilatokira gerturatu dira Vazquezi azken agurra ematera. 

Lantegiaren atarian elkarretaratzea egin dute ere.