Idoia ERASO

Pariseko Gobernuaren politika salatzeko tanborrada eginen du Seaskak Biarritzen

Hurrengo ikasturteari begira Seaskak duen irakasle lanpostu eskasia salatzeko protesta eginen du Biarritzen, ekainaren 7an. 30 postu behar dituela jakinarazi du Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak, eta Pariseko Gobernuak 5 besterik ez dizkio eman. Joan den urtean bezala, aurten ere tanborrada baten bitartez, ikasle, irakasle, langile eta gurasoak elkartuko dira euskarazko hezkuntzaren alde.

Paxkal Indo Seaskako presidentea eta Hur Gorostiaga zuzendaria Biarritzen. (Bob EDME)
Paxkal Indo Seaskako presidentea eta Hur Gorostiaga zuzendaria Biarritzen. (Bob EDME)

Biarritzeko hondartza nagusian eta erdigunean zehar 3.500 ikasle eta beste hainbeste guraso bildu nahi ditu Seaskak. Horretarako ekainaren 7an arratsaldez, federazioko zentro guztiak itxi eta denak elkarrekin Biarritzera joanen dira. «Milaka izanen gara, hirian aspaldi ikusi gabeko manifestazioa» izanen dela baieztatu du federazioko zuzendari Hur Gorostiagak.

Hurrengo ikasturtean kalitatezko hezkuntza ziurtatu ahal izateko 30 lanpostu behar dituztela jakinarazi dute federaziotik, Hezkunde Nazionalak oraingoz 5 soilik eman baitizkie 25 eskas dituzte. Horietatik 13 bere gain hartzeko prest dago Seaska, baina oraindik 12 eskas lirateke.

«Seaskaren etorkizuna arrisku gorrian ezarri du Frantziako Hezkunde ministeritzaren jarrerak» salatu du zuzendariak, eta lanpostuen banaketa erabaki politikoa dela nabarmendu du.

Egoerak okerrera

Macronen Gobernuak boterea hartu zuenetik egoera okertu egin da. Iaz ere danborrada egin behar izan zuten, Baionako karriketan milaka pertsona bilduz. Orduan behar zituzten 20 postuetatik 5 lortu zituzten Hezkunde Nazionaletik, Euskararen Erakunde Publikoak beste 5 ordaindu behar izan zituen eskasiari aurre egiteko, eta Seaskak 10 hartu zituen bere gain.

Sare publikoan eta pribatu katolikoan ez bezala, Seaskan urtero ikasleen kopuruak gora egiten du, hori dela eta, urtetik urtera irakasleen kopuruak ere beste hainbeste egin beharko luke.

Beharrezkoak dituzten postuak ez badituzte lortzen, lehen hezkuntzan 30 ikasleko gelak, eta bigarren hezkuntzan 30 eta 40 artekoak izan beharko direla salatu dute federaziotik. Aldi berean, zenbait adar berezietan egoera anitz zailduko litzateke, esaterako Ziburuko kolegioan behar bereziak dauzkaten ikasleendako IEP klasean gainezka egongo lirateke.

Egoera politikoa eta Biarritz

Biarritzen hautaketa, ez da nolanahikoa izan. Iaz Lapurdiko hiriburua izan bazen, aurten agorrilaren 24tik 26ra munduko herrialde aberatsenak bildu, G7a hartuko duen kostaldeko hiria izanen da.

Gailurraren prestaketarako Emmanuel Macron presidentea Biarritzera hurbildu zen maiatzaren 17an. Bertan Ipar Euskal Herriko hautetsiei euskarazko hezkuntza lagunduko zuela erran zien. Baieztapen hori, oraingoz, ez da bete. «Hitzetatik ekintzetara ez da oraindik pasatu, nahiz eta badakigun Parisen urduritzen ari direla antolatu dugun ekintzarekin» jakinarazi du Gorostiagak.

Bisitaren egun berean Seaskak 5 elkartaratze egin zituen, beste hainbeste herritan, murgiltze ereduaren kontra Gobernutik jasaten ari den jarrera salatzeko. Erasoa ikastoletan bezala zentro publiko eta pribatu katolikoetan ere pairatzen ari direnaren jakinean, protesta horiek ez ziren Seaskaren aldekoak soilik izan.

Ministroak murgiltze ereduaren kontra

Macronen hitzek ez bezala Gobernua agertzen ari den jokabidearekin bat egiten duten beste baieztapenak izan dira bi ministroengandik. Jean-Michel Banquer Hezkunde ministroak, murgiltze ereduaren gaitasun pedagogikoak zalantzan jarri zituen maiatzaren erdialdean Senatuan egindako adierazpenetan. Eskualde hizkuntzetan murgiltze ereduan ari ziren ikasleek frantsesa ez luketela ongi ikasiko gaineratu zuen.

Macreonen bisitaren ondotik Blanquerrek bere erranak malgutu zituen, politika «boluntarista» bat garatuko zutela erranez, baina neurri zehatzik eman gabe.

Bestalde, Lurralde Kohesiorako ministro Jacqueline Gouraultek apirilaren hastapenean Senatuan egin zituen adierazpenetan, hezkuntza publikoan murgiltze eredua «antikonsituzionala» zela erran zuen.

Gaur egun Ipar Euskal Herrian, haur hezkuntza murgiltze ereduan egiten duten eskola publikoak 17 dira. Murgiltze eredu esperimentala Ipar Euskal Herrian egin zuen lehen eskola publikoa Biarritzekoa izan zen.