NAIZ

3.089 langabe gutxiago zeuden maiatzean Hego Euskal Herrian

Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian maiatzean. Aurreko hilabetearekin alderatuta, 3.089 langabe gutxiago zeuden izena emanda, Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera. Herrialde guztietan egin du behera langabeziak baina batik bat Nafarroan, %4,05 jaitsi baita. Azken hamabi hilabeteetan ere nabarmen jaitsi da langabezia lau herrialdeetan.

Lanbideren bulego bat Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Lanbideren bulego bat Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Enplegu Ministerio espainolak gaur eman ditu maiatzari dagozkion langabeziaren datuak. Hego Euskal Herriari dagokionez, guztira 145.136 langabe zeuden erregistratuta enplegu bulegoetan, apirilean baino 3.089 gutxiago.

Herrialdeka, Nafarroan izan da jaitsierarik handiena aurreko hilabetearekin alderatuta, %4,05, hain zuzen ere. Guztira 31.263 pertsona zeuden lanik gabe, 1.318 gutxiago.

Bizkaian 64.953 langabe zenbatu zituzten maiatzaren bukaeran, aurreko hilabetean baino 1.336 gutxiago (-%2,02).

Gipuzkoan %1,02 egin du behera langabezia tasak; guztira 29.933 langabe daude, apirilean baino 309 gutxiago.

Arabari dagokionez, langabeziaren jaitsiera oso apala izan da maiatzean, %0,66 besterik ez. 18.987 langabe zeuden erregistratuta, aurreko hilean baino 126 gutxiago.

Azken urtean ere behera egin du

Azken urteko eboluzioari erreparatuz gero, langabezia tasak nabarmen egin du behera Hego Euskal Herri osoan. Beherakadarik handiena Bizkaian eta Gipuzkoan izan da, %7,93 eta %7,47, hurrenez hurren. 

Nafarroan %6,22 murriztu da langabe kopurua azken hamabi hilabeteotan, eta Araban, aldiz, zertxobait gutxiago, %4,59.