NAIZ

Medeak taldeko kide baten aurkako «eraso transfoboa eta lesbofoboa» salatu dute

Pasa den maiatzaren 23 gizon batek «eraso fisiko larria» eragin ziola salatu du Medeak taldeko kide batek. Donostiatik gertu dagoen gasolindegi batean gertatu zen erasoa, «arrazoi lesbofobo eta transfoboek bultzatuta». Transexuala da biktima.

Transfobiaren aurkako manifestaldia Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Transfobiaren aurkako manifestaldia Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Errepidean zirela ustez izandako ika-mika baten ondorioz, gizonak Medeak taldeko kidea jarraitu zuen gasolindegiraino, bertan erasotzeko helburuz. Gasolindegiko langile batek, Ertzaintzari deituta, lortu zuen erasoa etetea.

«Konturatu orduko, kotxeko atea ireki zuen, lepotik heldu eta gidariaren ondoko eserlekuan etzanarazi ninduen… Ni itotzen saiatu bitartean, garrasika hasi zitzaidan: hil egingo ninduela, suntsitu egingo ninduela, lehertu egingo ninduela», dio biktimak Medeak taldeak webgunean jarri duen testigantzan.

Arratsalde osoa eman zuen Ertzaintzak Hernanin duen polizia etxean salaketa jartzen. Hurrengo goizean epaitegian aurkeztu behar izan zuen ere, urruntze agindua eman ala ez ebazteko. Testigantza hartu ostean, baina, eraso arintzat jo zuen epaileak eta ez zuen urruntze agindurik onartu. Maiatzaren 29an egin zuten epaiketa. Salatzailearen arabera, akusatuak onartu egin zituen bere aurkako karguak eta eraso arina eta mehatxuak izan zirela ebatzi zuen epaileak; 150 euroko kalte-ordaina eta urruntze agindua.

Epaiketan baina, ez zuten sexu erasoa izan zela onartu. «Transfobia eta lesbofobia ez dira sexu erasotzat hartzen: tipo batek titiak txikitu zizkidan, baina horrek ez omen dauka inongo kutsu sexualik», salatzen du testigantzan.

Prozesu judizialak biktiman duen eragin emozionala aintzat ez hartzea ere salatzen du idatzian; «ez duzue erasoak nigan izandako eragin emozionala kontuan hartu, erasoa bera bezain mingarria izan da salaketa-prozesua, eta ezin dut imajinatu bortxaketa bat salatu eta erasoak banan-banan azaldu beharra».

Medeak taldeak salatu du taldeko kideak «justizia patriarkalaren prozesu biktimizatzaile bikoitza» jasan duela, hark bizi izandakoa ez dutelako epaitu «eraso sexual edo gorroto delitu moduan».

Medeak gorputza ekintza politikoaren erdigunean jartzen duen talde transfeminista da.