NAIZ

Gehiengoaren babesa duela, Eneko Goiak Donostiako alkate izaten jarraituko du legealdi berrian

EAJ eta PSEren botoek erabateko gehiengo eman diote hautagai jeltzaleari, eta Gipuzkoako hiriburuan alkate izaten jarraituko du hurrengo lau urteetan.

Eneko Goia, aginte makila berriz eskuetan. (Donostiako Udala Twitter)
Eneko Goia, aginte makila berriz eskuetan. (Donostiako Udala Twitter)

Ez zegoen sorpresarako tarte handirik, eta ez da inolako sorpresarik izan; Eneko Goiak karguari eutsi dio eta Donostiako alkate izaten jarraituko du. Maiatzaren 26an hautagai jeltzaleak hauteskundeak irabazi zituen, eta gaur bere alderdiaren botoez gain PSErenak ere eskuratu ditu, hamabost orotara. Erabateko gehiengoa, beraz, 27 ordezkari dituen udalean.

Aurreko legealdian bezala, EAJk eta PSEk osatuko dute Gipuzkoako hiri nagusiko udal gobernua, baina orain lehenengo alderdiak pisu handiagoa izango du, hamar zinegotzi eskuratuta bere bazkidearenak bikoiztu baititu. Heldu diren egunetan iragarriko da nola geratuko den osatuta Goiaren kabinetea, eta zein ardura izango duen alderdi bakoitzak.

Hauteskundeetan bigarren indarra izanik, Reyes Carrerek gidatuko duen EH Bilduren udal-taldea izango da oposizioaren buru.