Asier AIESTARAN

Zarautz da KAE-1 Ligako lehen liderra Pasaian nagusitu ostean

«Enbata» azkarrarena izan da lau ziabogako erlojupekoan, Deusturi lau segundo aterata eta Donostiarrari ia hamaika. ETE Liga ere hasi da eta Hibaika da aurreneko liderra.

Traineru Liga ofizialak gaur eguerdian hasi dira Pasai Donibanen, lau ziabogako erlojupeko estropada berezi batekin (bi emakumezkoen kasuan). Eta lehen liderrak Zarautz, gizonezkoen KAE-1 Ligan, eta Hibaika, emakumezkoen ETE Ligan, dira.

KAE Ligarekin hasita, Zarauzko «Enbata» izan da azkarrena 20:12:92ko denborarekin. Zarauztarrek orain arteko proba guztietan erakutsitako maila ederrari jarraipena eman diote gaur eta tarte handiak atera dituzte aurkariekiko.

Bigarren postuan Deustu sailkatu da, irabazlearengandik 3,76 segundora, baina hirugarren sailkatua, Donostiarra B, jada 10,22 segundora geratu da. Arkote izan da laugarren, Pedreña bosgarren eta San Juan seigarren.

ETE Ligan, berriz, Hibaika izan da garaile 11:10:98ko denborarekin. Errenteriakoek ozta-ozta hobetu dute Zumaiaren denbora, bigarren 1,52 segundora, eta hirugarren Deustu sailkatu da 5,58ra.

Atseden hartzeko denborarik gabe, bi lehiaketa hauek bihar izango dute bigarren estropada, Pasaian bertan, erlojuaren aurka ez baina bost ziabogako eremuan (bi emakumezkoek).